'Azpeitia-Hazparne. 30 urte, bi herri pausoz pauso' egitasmoko hirugarren etaparako izena eman daiteke

Uztarria.eus 2017ko mar. 13a, 19:36

Zapatuan, martxoak 18, egingo dute Azpeitia-Hazparne. 30 Urte, bi herri pausoz pauso egitasmoko hirugarren etapa. Donostian hasi eta Hondarribian amaituko da 30 kilometroko ibilbidea; Donostia-Pasai San Pedro-Pasai Donibane-Jaizkibel-Hondarribia da osatuko duten bidea. Lagun Onak Mendi Bazkunako antolatzaileen hitzetan, "aurreko biak baino zertxobait exijenteagoa da hirugarrena", baina mendizale eta ibiltariei gonbita luzatu nahi diete, orain artekoan jendetsua izaten ari den egitasmoarekin bat egin dezaten zapatuan ere.

Zapatuan, 08:00etan hartuko dituzte autobusak anbulatorio aurrean, Donostiara joateko. Zurriolan hasiko dira ibiltzen, Ulia zeharkatuz Pasai San Pedrora iristeko. Han, Pasai Donibanera txalupaz igaroko dira, Jaizkibel mendian gora jarraitzeko; igoeran zehar hamaiketakoaz gozatzeko parada izango dute parte-hartzaileek. GR-121 bidea jarraituz Jaizkibeldik Guadalupera iritsiko dira; inguru hartan egingo dute bazkaltzeko geldialdia, bakoitzak bere janaria eraman beharko du. Etapa bukatzeko, Higer aldetik jaitsiko dira Hondarribiara, 17:00ak edo 17:30ak aldera.

Izena emateko epea irekita dago, mendizaleen tabernan zein webgunean. 10 euro ordaindu behar dira, autobusaren, txaluparen eta hamaiketakoaren truke.

Bideoan, datorrenaren informazioarekin batera, otsailaren 11n Zarautz eta Donostia lotuz osatu zuten bigarren etaparen irudiak ikus daitezke.