Gorka Martija: "Enpresa handiek daukaten nagusitasuna da pobrezia energetikoaren arrazoia"

Uztarria.eus 2017ko mar. 13a, 18:45
Gorka Martijak bihar, asteartea, emango du hitzaldia Sanagustinen.

Asteazkenerako, martxoak 15, argiak itzaltzeko deia egina dute Elkar-ekinek eta Zestoako Astinduk, "elektrizitate enpresa handien gehiegikeriei aurre egiteko" Batu indarrak, itzali argiak egitasmoaren barruan. Argi itzalketaren bezperan, bihar, egitasmo beraren barruan antolatutako hitzaldia emango du Gorka Martijak (Bilbo, 1982),  Latinoamerikan multinazionalen jarduera aztertzen duen OMAL behatokiko kideak. Enpresa energetikoak eta giza eskubideak izango ditu hizpide Martijak, Sanagustinen, 19:00etan hasita.

Zein da OMALen egitekoa?

Behatokiaren lanak hiru lerro ditu: ikerketa, sentsibilizazioa eta salaketa. Hasieran, helburu nagusia zen espainiar jatorriko enpresa multinazionalek Latinoamerikan gauzatzen ari ziren inpaktu ezkorrak identifikatzea, sistematizatzea eta salatzea. Joan den mendeko 90eko hamarkadaren amaieran, zenbait enpresa espainiar handi (Repsol, BBVA, Endesa eta abar) multinazional bilakatu ziren, eta beraien hedatze-esparru nagusia Latinoamerika izan zen, han gertatzen ari ziren pribatizazio masiboak aprobetxatuz. Horregatik, urte askotan, enpresa horiek eragindako kalte sozialak, ekonomikoak edota ingurumenari lotutakoak ikertzea eta salatzea izan zen gure helburu nagusia. Gero, hamarkada honen hasieran, beste zenbait lan-lerro irekitzea erabaki genuen. Horrela, gaur egun, enpresen internazionalizazioa bultzatzeko politika publikoen azterketa, eta, era berezian, botere korporatiboarekiko alternatibak ere ari gara lantzen.

Azpeitian enpresa energetikoak eta horiek urratzen dituzten giza eskubideak izango dituzu hizpide. Zer esparrutan gertatzen dira urraketak?

Enpresa energetikoek gauzatutako inpaktu ezkorrak, giza eskubideen urraketak eragiten dituztenak, esparru anitzetan ematen dira, bai hemen, bai atzerrian jarduten dutenean. Dimentsio desberdinak bereizi ditzakegu. Ekonomikoa, batetik, tokiko ekonomiaren suntsipena eraginez edota delitu ekonomikoekin lotuta; gizarte mailakoa, bestetik, lan baldintzak eta eskubide sindikalak kaltetzen dituzten heinean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondoriozko eskubide urraketekin, edo genero desberdintasuna bultzatzen duten praktikekin; ingurumenari dagokionez, lurraldearen suntsiketa, biztanleen lekualdatzea, biodibertsitatearen galera, eta uraren, lurraren eta airearen kutsadura; esparru politikoko eragina ere hor dago, kriminalizazioa, errepresioa, estatuen subiranotasunaren aurkako erasoak; eta kulturala ere bai, herri indigenen eskubideen urraketekin, kasu.

Ingurumenarekin lotutako ekintzaileen hilketak ugaritu egin dira Latinoamerikan. Zergatik?

Kasuan kasuko arrazoiak ezberdinak eta zehatzak dira, baina orokorrean badago logika erkide bat: botere politikoaren konplizitatea, enpresa handien harrapatze griña, eta lurraldeetan bizi diren komunitateetako erresistentzien arteko kontrakotasun konponezina. Horrela, kasu askotan enpresek bultzatutako megaiproiektuen inguruko hilketak izan dira. Beraz, esan genezake komunitateen beharrizanak eta gehiengo sozialen eskubideak enpresen interesekiko gero eta kontrakotasun handiago baten pean daudela. Horrela, enpresa eta botere politikoaren arteko aliantzak inpunitatea ziurtzatzen duen heinean, ekintzaile herrikoien aurkako erasoak areagotu egiten dira. Hondurasko kasua adibide nabarmena da. Gero, kasuan kasu, badago hainbat elementu zehatz aztertzeko: Kolonbian, adibidez, hilketek nabarmenki egin dute gora, eta bake prozesuaren aurrerapausoei mugak jartzeko estrategia paramilitar argia dira.

Multinazionalen jarduna eta eragina berdinak al dira Latinoamerikan eta hemen?

Neurri batean logika berbera erabiltzen dutela esan genezake: irabaziak handitzeko, beraien esku dauzkaten tresna guztiak erabiltzea. Horrela, zenbait jokabide han eta hemen era berdintsuan garatzen dituzte; elektrizitatearen kasuan, adibidez, prezioen bidegabeko gorakadak, argi mozketak, eta abar. Baina argi dago Latinoamerika mailan dagoen testuingurua desberdina dela zentzu askotan: botere politikoa, egitura soziala, pobrezia mailak, azpiegiturak, enpresek inpunitatez jokatzeko duten gaitasuna, ondasun naturalak... Beraz, enpresek beraien esku dauzkaten tresnak desberdinak eta zehatzak izango dira kasuan kasu.

Enpresa handien boterearen aurrean alternatibak lantzea ere bada zuen egitekoa, ezta? Zer-nolakoak dira alternatiba horiek?

Enpresa handien boterearen aurreko alternatiben lanketa, sistema beraren aurreko alternatibak eraikitzea da. Ez da erraza hau sistematizatzea, baina badago zenbait gako jarduera honetan lagungarri izan daitezkeenak. Lurraldea, bizitzaren antolaketa alternatiboaren subjektu estrategiko gisa ulertuta; herri-boterea oinarri duten agenda demokratikoak; kontakizun kontrahegemonikoak, emantzipazio balioetatik abiatuta; aberastasunaren eta lanen errotiko birbanaketa; eta mobilizazio sozial kritikoa eta aktiboa, statu quo-aren aurrean. Elementu horiek aipatuko genituzke, botere korporatiboaren aurkako alternatibak eraikitzeko.

Gurean ere, enpresa energetikoen alternatibak ari dira sortzen, argindar kooperatibak, esaterako. Zer etorkizun ikusten diezu?

Energiaren esparruan, proposamen alternatiboak konbinatzeko beharra dagoela uste dugu, sektore horretan enpresa multinazional jakin batzuek daukaten erabateko kontrola gutxitzeko eta, posible bada, ezabatzeko. Zentzu horretan, publikotasunaren aldeko ezinbesteko apustua, energia enpresa publikoen aldekoa, alegia, arlo sozial eta komunitarioan eraikitako ekimenekin konbinatu beharra dago. Hau da, irabaziak lortzeko grina erdialdean jartzen ez duten ekimen kolektiboak, izaera sozial edota kooperatiboa azaltzen dutenak, eta beharrezkoa den trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten duten erakundeak ezinbestekoak dira. Horrela, nahiz eta egitasmo horiek zailtasun asko dituzten aurrean, gaur egun merkatua enpresa elektriko multinazional handiek kontrolatzen dutelako, botere politikoaren sostenguarekin, ezinbestekoa da mantentzea eta garatzea.

Pobrezia energetikoaren eragina gero eta nabarmenagoa da Euskal Herrian. Zerk eragiten du? Zein dira egoera honetara iristeko benetako arrazoiak?

Pobrezia energetikoa, energia merkatuaren konfigurazioaren eta krisialdi ekonomikoaren ondorioen arteko konbinazio batek eragindako errealitatea da. Merkatu hau, esan dugunez, enpresa multinazional jakin batzuek kontrolatzen dute, Endesak, Gas Natural Fenosak eta Iberdrolak, batik bat); oligopolio bat osatzen dute, botere politikoaren laguntza dela medio. Horrek suposatzen du beren interesen asetzea herritarren beharrizanen gainetik kokatzen dela. Horrela, krisialdian jendearen ordaintzeko gaitasunak behera egin duenean, enpresek beren interesa inposatzen dute, eta hor agertzen dira argi mozketak eta halako praktikak. Beraz, energia merkatuan eta, orokorrean, indarrean dagoen eredu ekonomikoan, enpresa handiek daukaten nagusitasuna da pobrezia energetikoaren arrazoia. Enpresen interesak erdialdean kokatzen dituen, eta hiritar arrunten beharrizan eta eskubideak baztertzen dituen eredua, alegia.

Elkar-ekinek martxoaren 15erako argiak itzaltzeko deia egin du. Garrantzitsuak al dira horrelako egitasmoak gaia gizarteratzeko?

Noski baietz. Alternatibak eraikitzeko gakoetako bat da, esan bezala, statu quo-aren aurrean mobilizazio sozial kritikoa eta aktiboa garatzea. Beraz, honelako dinamikak oso aberasgarriak dira, ikuspuntu kritiko nabarmena barneratzeaz gain, herritar guztien parte-hartzea ahalbideratzen duelako era oso erraz batean, salaketaren objektua argi eta garbi azaleratuz.