Azpeitian ospatuko da aurtengo Euskarazko Internet Eguna

Uztarria.eus 2017ko mar. 13a, 13:29
Ezkerretik eskubira, Josu WaliƱo PuntuEus-eko ordezkaria, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea eta Lorea Arakistain PuntuEus-eko ordezkaria. (PuntuEus)

Maiatzaren 17an izango da hitzordua, PuntuEus Fundazioak eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibak antolatuta. Aurtengoa egun hori ospatuko den bigarren urtea da, eta helburua da Interneten euskarazko edukien sustapenean eragitea. Data horretara begira, hainbat egitasmo antolatzen ari dira herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.

Maiatzaren 17a Interneten Nazioarteko Eguna da, eta data horretan ospatuko du PuntuEus komunitateak Euskarazko Internet Eguna, Azpeitian. Egitasmoaren helburua da Interneten euskarazko edukien sustapenean eragitea. Azpeitiko Kulturaz Kooperatiba eta PuntuEus Fundazioa izango dira aurtengoan egun horretara begirako egitaraua osatzeaz arduratuko direnak, eta horretarako elkarlan proiektua abiatu dute, Azpeitiko hainbat elkarte, eragile eta norbanakoren parte-hartzearekin.

Ekitaldi nagusia Sanagustin kulturgunean izango da, 19.00etan. Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak aurreratu duenez, maiatzaren 17ra begira hainbat egitasmo prestatzen ari dira, kantua eta bideoa, esaterako. Prestaketa lanekin hasi besterik ez dira egin oraindik, eta aurrerago emango dituzte antolatutako egitasmoen berri. 

Aurtengoa PuntuEus Fundazioak Euskarazko Internet Eguna ospatuko duen bigarren urtea da.