Baratzeak garaira egokitzen ikasteko tailerra eskainiko du Ekoguneak bihar

Uztarria.eus 2017ko mar. 13a, 10:37
Izarraitzpeko baratze parkeko irudia.

Datozen hilabeteetarako lurra nola prestatu, zer barazki landatu edota lurra ongarriztatu behar al den ikasiko dute tailerrean parte hartzen dutenek. Ikastaroa Izarraitzpeko eta Otzakako baratze parkeetan eskainiko dute, eta edonork har dezake parte bertan. Tailerra doakoa da. 

Baratzeak datozen hilabeteetarako, ortuko garai nagusirako, prestatzen ikasteko tailerra eskainiko du Ekoguneak bihar, martxoak 14. Antolatzaileek aurreratu dutenez, datozen hilabeteetan ortuan sar daitezkeen barazkiak zeintzuk diren ikasiko dute, besteak beste, ikastarora gerturatzen direnek, baita lurra nola prestatu behar den edota lurra ongarriztatu behar al den ere. 

Azpeitiko baratze parkeetan izango da ikastaroa. Otzaka aldeko baratzeetan 17:00etatik 18:15era eskainiko dute tailerra. Izarraitzpeko ortuetan, aldiz, 18:15etik 19:30era bitartean egingo dute saioa.

Edonork har dezake parte ikastaroan, baita baratze parkeetako erabiltzaileak ez diren herritarrek ere, eta doakoa izango da. Tailerraz gain, Furgobaratza zerbitzua ere egongo da, eta bertan baratzen inguruko aholkularitza zerbitzua eta plantel eta hazi ekologikoak izango dira, besteak beste.