Imanol Goñik eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute IX. Zuzenien

Uztarria.eus 2017ko mar. 12a, 14:29
Sailkapen nagusiko bi podiumetako protagonistak (Oihana Arratibel falta da), Estitxu Elduaien zinegotziarekin eta Lagun Onak MBko lehendakari Aitor Unanuerekin.

98 lagunek bukatu dute Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako igoera bertikalaren bederatzigarren edizioa, eguraldi euritsuari eta lokaztutako ibilbideari aurre eginez. Ibai Etxeberria eta Vanessa Cerrajero izan dira azpeitiarren artean azkarrenak.

Imanol Goñi (0:32:44) eta Oihana Azkorbebeitia (0:40:10) izan dira azkarrenak gaur, igandea, IX. Zuzenien igoera bertikalean. Mikel Beunzak (0:33:50) eta Asier Larruzeak (0:33:59) osatu dute gizonezkoen podiuma; eta Maider Frailek (0:43:37) eta Oihana Arratibelek (0:44:26) emakumezkoena. 102 lagun zeuden izena emanda, eta 98 izan dira Azpeitiko plazan hasi eta Xoxoten bukatu den proba osatzea lortu dutenak.

Horietatik 17 izan dira azpeitiarrak. Herrikoen artean, Ibai Etxeberria (0:37:23) eta Vanessa Cerrajero (0:51:51) izan dira aurrenak; Etxeberria 12.a izan da sailkapen orokorrean, eta Cerrajero emakumeen sailkapeneko 8.na.

Sailkapen osoa eta denbora guztiak ikusgai daude Kirolprobak.com webgunean.