Ehundik gora parte-hartzaile izango ditu igandeko IX. Zuzenien igoera bertikalak

Uztarria.eus 2017ko mar. 10a, 18:27
2016ko Zuzenien probako irudi bat da honakoa.

10:00etan abiatuko da plazatik aurreneko lasterkaria. Iazko garaileak, Maite Maiora eta Iban Murua, irteeran izango dira; baita Oihana Azkorbebeitia, Ainhoa Lendinez, Didier Zago, Imanol Goñi eta Julen Aranguena ere, besteak beste.

Igandean, martxoak 12, jokatuko da aurtengo Zuzenien igoera bertikala. Azpeitiko plazatik irtenda Xoxotera zein azkarrago iritsi, ehundik gora kirolari lehiatuko dira Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako probaren IX. edizioan.

Atzo, osteguna, bukatu zen Internet bidezko inskripzioa eta 101 kirolari izan dira Kirolprobak.com webgunean izena eman dutenak; horien artean, 17 azpeitiar. Antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, ordea, momentuz 102 bat dira 3.300 metroko lasterketa bertikalean parte hartuko dutela baieztatu dutenak, eta igandean bertan ere izango da izena emateko aukera, 09:30etik aurrera, plazan. 10:00etan irtengo da lehen parte-hartzailea, eta 11:07an azkena, azken orduko izen-ematerik ez bada. Dagoeneko argitaratu dituzte dortsalak eta irteera orduak mendizaleen webgunean.

Iazko garaileak, Maite Maiora eta Iban Murua, irteeran izango dira; baita Oihana Azkorbebeitia, Ainhoa Lendinez, Didier Zago, Imanol Goñi eta Julen Aranguena (lehen edizioaren irabazlea) ere, besteak beste. Antolatzaileek emakumeen izen-emate kopurua nabarmendu dute: "Hamahiru emakumek eman dute izena, marka ona da. Ikusten da gero eta gehiago direla mendi lasterketetan parte hartzera animatzen direnak".

Iaz Xoxoteko Egunean egin zen Zuzenien lasterketa eta Xoxoten bertan izan zen sari banaketa. Aurten, ordea, plazan banatuko dituzte sariak, 12:30 eta 12:45 tarte horretan. Antolatzaileek 300 euroko sari berezia prest dute, emakumeentzat zein gizonentzat, probaren marka hausten duenarentzat. 2016ko edizioan Maiorak eta Muruak ezarritakoak dira, hain zuzen, marka horiek.