Ormola enpresaren egoitza berria bisitatu dute udal ordezkariek

Uztarria.eus 2017ko mar. 10a, 17:09
Ezkerretik eskubira, Eneko Etxeberria alkatea, Josu Labaka, Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde eta Aitor Bereziartua zinegotziak, eta Gorka Sudupe Ormolako kudeatzailea.

50 urte Azkoitian egin ondoren, urtarriletik Azpeitiko lantoki berrian ari da injekziorako moldeak egiten dituen enpresa, Basarteko industriagunean.

Ormola enpresa Azkoititik Azpeitira aldatu zen urte hasieran eta gaur, ostirala, Basarte industriagunean duen egoitza berria ezagutzeko bisita egin dute Azpeitiko udal ordezkariek, Eneko Etxeberria alkatea buru zutela.

50 urteko ibilbidea osatu du Azkoitian injekziorako moldeak egiten dituen enpresa eta urtarriletik ari dira lanean Azpeitiko egoitza berrian. Gaur egun 40 langile ari dira Ormolan. Gorka Sudupe kudeatzaileak azaldu duenez, makina berriekin hornitu dute lantoki berria; autoentzako piezak eta argiteria ekoizten dituzte eta lantoki berrian ekoizpena %110 haztea aurreikusten dute. Egoitza berriak, besteak beste, etorkizun laburrean langile gehiago kontratatzea ahalbidetuko diela adierazi dute enpresaren arduradunek. Azpeitiko Udalak ekonomia sustatzeko planaren bidez emandako laguntzak "ezinbestekoak eta erabakiorrak" izan direla ere nabarmendu dute, enpresa lekualdatzea erabakitzeko.

Eneko Etxeberriak, bere aldetik, "herrian enpresa berri bat hartzea pozgarria" dela adierazi du. Ohitu egin gara enpresak desagertzera, ixtera, alde egitera. Baina, urte askoren ostean enpresa industrialak gure herrira datozela jakitea, pozik egotekoa da", esan du alkateak. Eta industriaren garrantzia azpimarratu, "gure herriaren motorra" dela esanez. "Ormola teknologia handiko industria da, izaera sozialekoa, eta enplegua sortzeko inportantea izango da gure herrian". Udala Sustapen Planaren bidez herriko ekonomia indartzeko asmoarekin "egiten ari den inbertsioak eta indarrak bere fruituak ematen dituztela" gaineratu du Etxeberriak.