Hazilan proiektuan parte hartzen ari diren gazteekin izan da Udala

Uztarria.eus 2017ko mar. 10a, 12:46

Hazilan programa 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduta dago, eta proiektuaren helburua da gazteen laneratzea hobetzea eta horiei lan munduan txertatzeko baliabideak eskaintzea. Aurtengoa Hazilanen bigarren edizioa da, eta 11 azpeitiar ari dira egitasmoan parte hartzen. Gazte horiek ezagutzeko eta prozesuaren inguruan egiten duten balorazioa bertatik bertara ezagutzeko, programako parte hartzen ari diren herritarrekin bildu zen Agustin Lizarralde ekonomia eta industria zinegotzia, joan den asteazkenean. 

Aurtengo edizioan guztira 15 lagun ari dira parte hartzen. Programa fase ezberdinetan dago banatuta, eta urtarriletik martxora bitartean 'aktibatu' fasean izan dira. Orain, bigarren faseari ekingo diote, eta enpresetan sei hilabeteko lan-praktikak egingo dituzte. 

Iaz jarri zuten abian Hazilan programa, eta bertan parte hartu zuten 15 lagunetatik 13 lanean daude gaur egun. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Udalek Iraurgi Berritzen Garapen Agentziaren bidez jarri dute abian Hazilan proiektua.