Erakusketa areto berria irekiko du Udalak Foruen Pasealekuan

Uztarria.eus 2017ko mar. 9a, 20:06
Foruen Pasealekuko estalitako pasabidean dago areto berria. (Azpeitiko Udala)

Bihar, ostirala, zabalduko ditu ateak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira herriko haur eta gaztetxoek egindako lanen erakusketarekin. Betharrameko eraikina berritzeko lanak hastear dira eta hango aretoaren lekukoa hartuko du gune berriak.

Udalak erakusketa aretoa estreinatuko du bihar, ostirala, Foruen Pasealekuko 7. zenbakiaren beheko solairuan. Betharrameko eraikina berritzeko obrak hastear direla, Udalak bere jabegokoa den lokal horretan atondu du orain arte Betharramdarretan zuen erakusketa aretoaren lekukoa hartuko duen gune berria.

Lokal berriak 60 metro koadro ditu eta hartuko duen lehen erakusketa da Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira herriko haur eta gaztetxoek egindako lanekin osatutakoa. Areto berriak aurrekoaren ordutegi bera izango du: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta zapatu, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Hala ere, lehen erakusketak ordutegi berezia izango du eta astegunetan 17:30etik 19:30era izango da ikusgai.

Betharramekoak bezala, herritar guztientzat zabalik izango ditu ateak areto berriak, bai erakusketak ikustera hurbiltzen direnentzat, bai bertan erakusketak egin nahi dituztenentzat. Aretoa erabili nahi dutenek Udalaren Kultura sailarekin harremanetan jarri eta eskaera egitea besterik ez dute.