Maddi Esnaola: "Txapelketak erakutsi dit estetika dela nire mundua"

Uztarria.eus 2017ko mar. 9a, 14:26
Maddi Esnaola, SpainSkills txapelketan parte hartzen. (Monte Albertia)

Estetika ikaslea da Maddi Esnaola (Azpeitia, 1997) Monte Albertia zentroan, eta SpainSkills txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen joan den martxoaren 4an, Madrilen. Aurrez EuskoSkills txapelketa irabazi ostean lortu zuen Espainiako txapelketarako txartela azpeitiarrak, eta orduztik prestaketa lanetan aritu da. Lortutako emaitzez, etorkizunera begira dituen asmoez zein Lanbide Heziketa gutxiesten duten herritarren iritziez solasean aritu da Esnaola Uztarria.eus-ekin.

Zer da irabazi duzun estetikako SpainSkills txapelketa?

Estetikako formazio profesionalean ikasten duguna baloratzen dute sariketan. Lan egiteko modua, bizkortasuna... gauza asko izaten dituzte kontuan, baina batez ere eurek jarritako probetan egindako lana da saritzen dutena. Euskal Herriko eta Espainiako autonomi erkidegoetako estetikako ikasleek hartzen dute parte. Gehienez, 23 urteko ikasleek har dezakete parte sariketan, eta lan esperientzia askorik ez duten parte-hartzaileak izan behar dute.

Zer suposatzen du zuretzat zilarrezko domina eskuratzeak?

Asko, nire bizitzan izan dudan esperientziarik politena izan delako. Azkenean Espainiako azpitxapeldun izatea lorpen handia da, nahiz eta gure inguruan txapelketa ez den hain ezaguna. Egin dudan ahalegina baloratu dute, eta baita egin dudan lana ere. Beraz, lorpen honek etorkizunean ateak irekitzen lagunduko didala espero dut.

Zer da zehazki txapelketan egin duzun lana?

Aurreneko egunean txapelketako instalazioak ezagutu genituen, eta genituen zalantzak argitzeko epaimahaiarekin bildu ginen. Egin ditudan probei dagokionean, berriz, denetarik egin dut: depilazioa zera epelarekin, azazkal faltsuak, gorputzeko tratamendua pedikurarekin eta fantasiazko esmaltearekin, aurpegiko tratamendua, Lomi lomi izeneko masaje hawaiarra, makilaje arabiarra eta horren gaineko fantasia transformazioa, esaterako.

Bereziki prestatu al zara txapelketarako?

Bai. Aurrez bagenekien zer proba egin beharko genituen, eta zer izango zen baloratuko zutena. Eskolan babesa erakutsi didate uneoro. Izan ere, eurentzat ere esanguratsua da beraien ikasle batek halako lorpena lortzea, modu batera edo bestera eskolari sona ematen baitio. 

Eskola orduetan edo eskola orduez kanpo aritu zara prestaketa lanetan?

Batzuetan eskola orduetan eta beste batzuetan eskolaz kanpo prestatu ditut probak. Egon dira egunak eskolara 09:00etan sartu eta 20:30ak arte irteten ez nintzenak. Ordu asko eman ditut prestatzen, baina betiere niretzako onena izango zela iritzita. Guk bi hilabete izan ditugu txapelketa prestatzeko, baina badakit beste autonomi erkidegoetako ikasle batzuk sei hilabete inguruz aritu direla prestaketetan.

Zer dela eta hasi zinen estetika ikasten?

Txikitatik gustatu izan zaidan gauza da. DBH bukatu nuenean ez nekien zer egin, zalantzan nengoen ileapaindegi ikaskeak edo estetika ikasketak egitearen artean. Ate irekietara joan nintzen, eta estetika gehiago gustatu zitzaidan. Hala, estetikarekin hasi nintzen, eta oso gustura nago orain. Gainera, txapelketa honek erakutsi dit estetika dela nire mundua. 

Ikasi eta lana batera egiten duzue. 

Ikasgai teorikoak zein praktikoak jasotzen ditugu, bai. Horrez gain, bezeroei ere zerbitzua eskaintzen diegu. Ez da estetika zentro batean lan egitea bezalakoa, baina antzerakoa da. Bezeroekin aurreneko kontaktua egiten dugu bertan, eta modu horretan asko ikasten dugu. 

Asko zarete lanbide hezikeraren aldeko hautua egin duzuen gazteak. Zer esango zenieke Lanbide Heziketa gutxiesten dutenei?

Sarri entzuten da formazio profesionalaren hautua egiten duten gazteak ikasi ezin duten ikasleak direla, edo ez direla unibertsitatera joaten diren ikasleak bezalako azkarrak. Baina nik ez dut bat egiten ikuspuntu horrekin. Guk hartutako erabakia da, eta unibertsitatera joaten direnak bezala, ikastea dugu helburu. SpainSkilleko sari banaketan, esaterako, sukaldari ospetsu batek hartu zuen hitza, eta hark esan zigun lanbide heziketa dela etorkizuna. Nik ez dut nahi unibertsitateko ikasleen lana gutxietsi, baina bi bideek leku berera eramaten dutela uste dut: lan mundura.  

Zein dira zure asmoak orain?

Momentuz, epe laburrera begira, ikasketak amaitzea da nire xedea. Ondoren, lan esperientzia hartzea gustatuko litzaidake, ikusteko zer den estetika zentro batean lan egitea. Helburua da etorkizunean nire estetika zentroa irekitzea eta bertan lan egitea.