20. korrikari bultzada emateko egitarau oparoa prestatu dute herriko hainbat eragilek, elkarlanean

Uztarria.eus 2017ko mar. 9a, 12:27
Korrika Batzordeko kideek, AEK-koek, Kulturaz kooperatibakoek, Natul euskara taldeakoek eta Gazteria Sailakoek prestatu dute egitaraua, elkarlanean.

Korrika Kulturalaren barruan, kontzertuak, gune euskaldunetan euskarazko kulturak duen erreferentzialtasunaz eta kontsumoaz hitz egiteko mahai ingurua, antzerki emanadia eta Laburbira euskarazko film laburren maratoia prestatu dituzte. Horrez gain, herriko gaztetxoenek Korrika txikia egingo dute apirilaren 4an.

Batzuk lelopean, apirilaren 5ean 05:00ak aldera igaroko da 20. Korrika Azpeititik. Egun horretara begira giroa berotzen hasteko, datozen asteetarako egitarau oparoa prestatu dute elkarlanean Azpeitiko Korrika Batzordeak, AEK-ak, Kulturaz kooperatibak, herriko ikastetxeek, Natul euskara taldeak eta Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak.

Kultur arlotik, euskarari bultzada

Prestatu dituzten egitasmoen artean Korrika Kulturala dago, eta datorren zapatuan, martxoaren 11n, emango diote hasiera, Errimeren eta Ruper Ordorikaren kontzertuekin. 22:30ean hasiko dira zuzenekoak eta Ruper Ordorika izango da oholtzara igotzen aurrena. 

Datozen asteetarako ere  kultur eskaintza zabala prestatu dute. Martxoaren 21ean, asteartean, gune euskaldunetan euskarazko kulturak duen erreferentzialtasunaz eta kontsumoaz hitz egiteko mahai ingurua izango da. Bertan parte hartuko dute Lander Arretxea Hiru Damatxo ideien faktoriako kideak, Oier Aranzabal kultur kudeatzaile, idazle eta kazetariak, Ane Bastida baxu-jotzaile azpeitiarrak eta Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak. Mahai ingurua  Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita.

Film laburrek ere izango dute lekua Korrika Kulturalean, eta hilaren 24an, ostirala, Laburbira euskarazko film laburren maratoia eskainiko dute herriko plazan, 22:30etik aurrera. Musika, mahai inguru eta zinemaren eskaintza borobiltzeko, IdiotTxou antzerkia izango da martxoaren 31n Soreasun, 22:00etan hasita. Antolatzaileek aurreratu dutenez, zuzeneko irratsaio batean oinarritzen den antzerkia da IdiotTxou, eta antzezlanean zehar aktoreek gaur egungo errealitatearen kritika egingo dute, umorea abiapuntu hartuta.

Gaztetxoentzat, Korrika txikia

20. Korrika herritik igaro aurreko egunean, apirilaren 4an, herriko gaztetxoenei zuzenduta Korrika Txikia egingo dute Alde Zaharreko kaleetan.  Ikastetxeetako arduradunak eta Gazteria Saileko langileak elkarlanean ari dira prestaketa lanetan. 

Kirometroak salgai

Korrikaren ibilbidean zehar euskararen lekukoa emateko kilometroak salgai daude dagoeneko. Horiek erosi ahal izateko, natul.euskeraz@gmail.com helbidera idatzi edo 661-10 44 46 telefonora deitu daiteke. Kilometro osoa edo erdia erosteko aukera dago, aurreko urteetan bezala. 425 euro balio du kilometro bakoitzak; eta 212,5 euro, berriz, erdiak. Ekarpena egiteko beste modu bat da Korrikalari irudia erostearena, eta horrek 110 euroko prezioa du. Ordainketak nola egin, kilometroen zozketa nola izango den eta dortsalak noiz jasoko diren jakiteko, Natul euskara taldearekin harremanetan jarri behar da. 

Horrez gain, Korrika Batzordeak aurreratu du datorren astean hasiko direla komertzio eta tabernetan Korrika laguntzaileen bila. Beste edizioetan bezala, gutunazal bat utziko dute herriko dendetan, nahi dutenek ekarpena egin diezaioten Korrikari eta AEK-ri.

Korrikak Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an izan zen lehen edizioa; eta, gaur egun, bi urtean behin egiten da egitasmoa. 2017ko martxoaren 30ean hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du hogeigarren aldiz.