Saskibaloi udalekuak antolatu ditu ISBk abuzturako

Uztarria.eus 2017ko mar. 9a, 10:26
ISBren topaketetako irudia.

2008 eta 2004 urte bitartean jaiotako haurrei zuzentuta antolatu dituzte udalekuak. Egonaldia astebetekoa izango da, abuztuaren 21etik 27ra bitartekoa, hain zuzen. Izen-ematea 300 euro ordaindu behar da, eta horretarako azken eguna apirilaren 6a da. 

Iraurgi Saskibaloi Taldeak udalekuak antolatu ditu aurrenekoz datorren udarako, 2008 eta 2004 urte bitartean jaiotako haurrei zuzentuta. Egonaldia Iscarren (Valladolid, Espainia) egingo dute, abuztuaren 21etik 27 bitartean. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta bi modutara egin daiteke: isb@isb.eus helbidera idatzita eta 675 70 70 10 zenbakira deituta. Izen-ematea 300 euro ordaindu behar da, eta horretarako azken eguna apirilaren 6a izango da. 

Udalekuetan izena ematen dutenek ordutegi bat izango dute egunero. Goizean, 10:00etan entrenamendu teknikoak egingo dituzte, eta ondoren, 11:30ean hasita, aisialdiko jarduera ezberdinak egingo dituzte, jolasak eta ibilaldiak kasu. 13:30ean bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta ondoren, gaztetxoek denbora librea izango dute. Arratsaldeetan, 16:00ak aldera, entrenamendurako tartea izango da berriro, eta taldekako partidak jokatuko dituzte. Ondoren, aisialdirako tartea izango da, eta jolasak, igerilekura irteerak edota txangoak egingo dituzte. 20:30ean afaldu egingo dute eta behin sabelak beteta, jolas ezberdinetan oinarrituta txapelketak jokatuko dituzte.

Zalantzak argitzeko edo xehetasun gehiago jasotzeko, isb@isb.eus helbidera idatzi edo 675 70 70 10 zenbakira deitu daiteke.