Jon Gurrutxaga: "Entzule bakoitzak bere modura ulertuko ditu abestiak, baina letrak gogorrak dira"

Uztarria.eus 2017ko mar. 8a, 14:46
Errime taldea, Azpeitiko Gaztetxean.

Errime taldea Durangoko Azokako Ahotsenean igo zen oholtzara estreinakoz. Orduztik lanean aritu dira, baina ez dute zuzenekorik eskaini. Zapatuan, baina, hitzordu berezia dute. Izan ere, herrian bertan aurkeztuko dute euren aurreneko lana, Sanagustin kulturgunean. Zapatukoa sorpresaz betetako zuzenekoa izango dela aurreratu du Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996) taldeko abeslariak.

Unai Martinezek, Patxi Gabilondok, Paul Beitiak, Felipe Murillok, Peru Iparragirrek eta Jon Gurrutxagak Ruper Ordorikarekin elkarbanatuko dute Sanagustin kulturguneko oholtza zapatuan, 22:30ean hasita, eta hori Errimerentzat "plazer bat" da. Ikasketak direla eta, ez dute entseatzeko tarte askorik izan, baina Azpeitian eskainiko duten aurreneko zuzenekoan "dena" emateko prest daude. Melodia gozoak eskainiko dituzte, letra errimez jantzitakoak.

Aurreneko aldiz igoko zarete Sanagustineko oholtzara Errime etiketarekin. Zer sentsazio dituzue?

Sentsazio onak ditugu, nahiz eta urduritasun eta tentsio puntua ere badugun. Izan ere, jende askok izango du gure lana ezagutzeko aukera, eta Azpeitia leku berezia da guretzat. Herrian joko dugu, gure jendearen aurrean. Orain arte bertsioetara mugatu izan gara, eta orain gure kantuekin aurreneko emanaldia emateak tentsio sortzen du. Hala ere, konfiantza dugu gugan. 

Taldekide batzuk Euskal Herrian, beste batzuk Madrilen... Nola egin duzue entseatzeko?

Batzuk Madrilen gaude ikasketak direla eta, baina Euskal Herrira egin ditugun buelta batzuk baliatu ditugu entseatzeko. Itzuli garenetan ordu asko eman ditugu jarraian entseatzen. Gure kantuak, disko berrikoak, nahiko landuta ditugu, grabatzerakoan asko landu genituelako. 

Errimeren diskoak bost abesti biltzen ditu. Horiek soilik izango al dira entzungai zapatuan?

Bost abesti berri kaleratu ditugu, bai, baina zapatuan entzuleek kantu gehiago ere entzun ahal izango dituzte. Pare bat bertsio, inoiz moldatu gabeko kantuak eta sorpresa gehiago... Hobe gehiegi ez aurreratzea, etortzen direnek sorpresaz goza dezaten. 

Ruper Ordorikarekin elkarbanatzen duzue kartela...

Guretzako Ruper Ordorika erreferente nagusienetako bat da, bai euskal kantagintzan, bai musikak eta letrak ulertzeko eran. Izugarrizko plazera izango da berarekin oholtza elkarbanatzea, baita bera ezagutzea ere. Musika estilo hau egiten dugunontzat erreferentea eta ezinbestekoa da Ruper. 

Joan den urrian kaleratu zenuten diskoa. Durangoko Azokan ere izan zineten. Nolako erantzuna izan du?

Guk espero baino harrera hobea izan du diskoak, entzuleen erantzuna oso ona izan da. Durangoko Azokan salmentak oso ondo joan ziren, eta Ahotsenean eskaini genuen kontzertura ere jende andana gerturatu zen gu entzutera. Diskoa sarera igo berri dug, eta jende askok elkarbanatu ditu abestiak sare sozialetan... gure lana asko zabaldu da, eta alde hortatik oso gustura gaude.

Nola definituko zenukete Errimeren aurreneko lana? Zerk egiten du berezi?

Hasiera bat da, gure musikaren trazu handienak definitzen ditu. Horrek ez du esan nahi gure musikak bilakaerarik izango ez duenik. Benetako musika da, barrutik irtendakoa, letrak mimatuta daude, melodiak goxatzen saiatzen gara. Gure izena hortik dator. Nahiz eta abestiek melodi gozoak dituzten, letrek esan nahi errimea dute, guk hala sinesten dugu behintzat. Entzule bakoitzak bere modura ulertuko ditu abestiak, baina letrak gogorrak dira. Abestien letretan arreta berezia jartzen duen taldea da gurea.  

Kultur Mahaiaren eta Udalaren Sorkuntza Beka jaso zenuten. Laguntza hori ezinbestekoa izan al zen diskoa kaleratzerako garaian, edo bestela ere aurrera jarraituko zenuten proiektuarekin?

Sorkuntza Bekatik jasotako laguntza ezinbestekoa izan da diskoa grabatzerako orduan, ikasleak garelako eta ez dugulako diru sarrerarik. Bekarik gabe izugarrizko esfortzua egin beharko genuke diskoa kaleratu ahal izateko. Horregatik, oso eskertuta gaude. Gainera, diskoa herrian bertan grabatzeko aukera izan dugu, gertuko jendearekin. Sormen prozesua azkarra izan da, baina baita izugarrizko plazera ere.

Errimeren bigarren diskorik izango al da etorkizunean?

Espero dugu baietz. Berriro Euskal Herrira itzultzean eta astero entseatzen jartzen garenean, ziur agertuko direla ideia eta kantu berriak, eta orduan horiek kaleratu nahiko ditugu.

Zergatik hurbildu behar lukete herritarrek zapatuan Sanagustinera?

Alde batetik, Ruper Ordorikak jotzen duelako, eta ezin delako galdu Ruper herrian entzuteko aukera. Bestetik, gu ezagutzen gaituen jendeak inoiz entzun gabeko kantuak entzuteko parada izango duelako, eta gure benetako estiloa ezagutuko dutelako. Horrez gain, bibrazio onak transmititzen eta jendearengana iristen saiatuko gara. Guk ziurtatu dezakegun bakarra da gogoz gaudela eta dena emango dugula zapatuan.