Xaputarrak A taldeak berdinketa lortu du igoera faseko aurreneko partidan

Uztarria.eus 2017ko mar. 6a, 14:15

Gipuzkoako Taldekako Xake ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zuten Xaputarrak A eta Xaputarrak B taldeko xakelariek joan den zapatuan, martxoaren 4an. 

Xaputarrak A taldea lehen mailan aritzeko igoera fasera sailkatu zen otsailaren 25ean, eta joan den zapatuan jokatu zuten igoera faseko aurreneko partida, Azpeitian. Fortuna A taldea izan zuten azpeitiar xakelariek parez pare, eta 2-2ko emaitzarekin amaitu zuten jardunaldia. Aitor Priyak bere partida irabazi zuen, Patxi Isasmendik eta Eneko Alberdik, aldiz, tablas (berdinketa) lortu zuten eta Alberto Urkiak ezin izan zuen partida irabazi. Lortutako emaitzarekin, Xaputarrak A taldea seigarren postuan dago sailkatuta, 7 punturekin. Datorren zapatuan, hilaren 11n, Billabonara mugituko dira, Billabi B taldearen aurka jokatzeko.

Xaputarrak Bk, aurreneko garaipena

Xaputarrak B taldea hirugarren mailan ari da lehian, eta joan den zapatuan denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu zuten, Azkoitiko Chessberri taldearen aurka. 1-3ko emaitzarekin nagusitu ziren azpeitiar xakelariak. Iñaki Urangak, Gorka Urangak eta Julen Urangak euren partidak irabazi zituzten eta Daniel Veselinovek galdu egin zuen. Emaitza horrekin, Xaputarrak B taldeak bederatzigarren postuan jarraitzen du, 7 punturekin. Zapatuan Azpeitian arituko dira Xaputarrak Bko xakelariak, Eibarko Eibar B taldearen aurka, 16:00etan hasita, Baigerako 4. solairuan.