Sei domina eskuratu dituzte Jose Mari Orbegozok eta Amaia Gonzalezek MueBT txapelketan

Uztarria.eus 2017ko mar. 5a, 16:04

Aurreneko postua lortu dute bachata, merengue eta salsa modalitateko Munduko Txapelketan; bigarren sailkatu dira vals, tango eta pasodobleko Munduko zein Espainiako Txapelketetan, eta hirugarren postua lortu dute cha cha cha estiloko Munduko Txapelketan.

Atzo, martxoak 4, amaitu zen Torremolinosen (Malaga, Andaluzia) jokatu den MueBT dantza txapelketa, eta Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) eta Amaia Gonzalez (Lasarte, 1976) dantzariak sei dominarekin itzuli dira handik.

Joan den otsailaren 27an hasi zen MueBT jaialdia, eta orduztik 40-50 urte bitartekoen mailan, dantza modalitate ezberdinetako hainbat txapelketetan hartu dute parte Orbegozok eta Gonzalezek. Guztira, sei domina lortu dituzte: aurreneko postua bachata, merengue eta salsa estiloko Munduko Txapelketan; bigarren postua dantza konbinatuko (vals, tango eta pasodobleko) Munduko zein Espainiako Txapelketetan, eta hirugarren postua cha cha cha modalitateko Munduko Txapelketan.

"Pozik" eta lortutako emaitzekin "oso gustura" itzuli dira Jose Mari Orbegozo eta Amaia Gonzalez Torremolinosetik.