Corrugados Azpeitia berriro martxan jartzea aztertzen ari da Gallardo Taldea

Uztarria.eus 2017ko mar. 3a, 18:18
Corrugados Azpeitiako lantegia.

Azpeitiko lantokia zer egoeratan dagoen aztertzeko enkargua jaso duela baieztatu du AIEK Sistemak enpresak; Gallardok ez du adierazpenik egin, Efe albiste agentziak zabaldu duenez.

Gallardo Taldea Corrugados Azpeitia lantokia berriro martxan jartzea aztertzen ari dela zabaldu du gaur, ostirala, Efe agentziak. 2013ko abuztuan itxi zuen Gallardok Azpeitiko lantokia. Espainiako albiste agentziaren arabera, Gallardok ez du adierazpenik egin nahi izan, baina siderurgia arloko instalazioen eta makinen egoera aztertzen duen AIEK Sistemak enpresak baieztatu egin die Azpeitiko fabrika nola dagoen aztertzeko enkargua jaso duela. Azterketaren hasierako fasean daudela adierazi dute enpresa horretako iturriek, eta oraindik ez dutela lantokia bisitatu.

Lan gatazka luzea

2011n hasi zen Corrugados Azpeitian 2013an lantegiaren itxierarekin bukatu zen lan gatazka luzea. Urte hartako azaroan 140 langile kaleratzea eskatu eta Lana Erregulatzeko lehendabiziko txostenak (LET) aurkeztu zuen enpresaren zuzendaritzak.

2012ko martxoan, berriz, beste 60 kaleratze iragarri zituen. Urte horretako ekainean hasi ziren langileen mobilizazioak. 2013ko martxoan enpresa itxi egingo zuela esan zien Gallardok enpresa batzordeko kideei, eta horixe bera egin zuen abuztuan.

Epaitegietan ere luzea izan zen borroka; azkenean, 2014ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak enpresari eman zion arrazoia, "kaleratzeak bidezkoak" izan zirela ebatzita.