Julian Barrenetxea abesbatza ahots zuriko korua izatera igaro da, gizonezkoen faltagatik

Uztarria.eus 2017ko mar. 3a, 13:28
Julian Barrenetxea abesbatza. (Alberto Beloki)

Hori dela eta, herritarrei dei egin diote abesbatzan parte har dezaten. Bestalde, zuzendari berria izango du koruak martxotik aurrera, eta Donostiako Aita Donostia Abesbatzako zuzendaria den Javier Alberdiren eskutara pasatuko da Julian Barrenetxearen gidaritza.

Aldaketak datoz Julian Barrenetxea abesbatzara. 30 urte ditu abesbatzak, eta urte horietan guztietan ahots nahasietako korua izan da, baina orain ahots zuriko korua izatera igaroko da, gizonezkoen faltagatik. Hori dela eta, abesbatzak dei egin die abesteko gogoa duten gizon eta emakume orori koruan parte har dezaten. Entseguak asteazkenetan 21:00etatik 22:30era egiten dituztela gogoratu dute, eta interesa duenak abesbatzako kideekin harremanetan jarri besterik ez duela azpimarratu dute. "Animatzen bazarete, esatea besterik ez duzue, eta zuen laguntzarekin Julian Barrenetxea berriro ahots nahasien abesbatza izatera buelta daiteke", esan du Maite Requejo abesbatzako lehendakariak.

Batuta aldaketa

Jose Luis Frantzesena Shubert eta Jaime Amenabar izan dira abesbatzako zuzendariak, baina orain zuzendaria aldatzeko erabakia hartu du Julian Barrenetxea abesbatzak. Hala, Donostiako Aita Donostia Abesbatzako zuzendaria den Javier Alberdiren eskutara pasatuko da koruaren gidaritza.

Javier Alberdi donostiarra Esteban Elizondo eta Tomas Araguesen ikaslea izan da, eta 20 urtetan Donostiako Orfeoiko abeslaria izan ondoren, gaur egun Kea ahots taldeko abeslaria da. Gainera, Aita Donostia, Lazkao, Beasain eta Angeluko abesbatzetako zuzendari lanetan ere ari da.

Bestalde, Julian Barrenetxea abesbatzak Jose Luis Frantzesena eta Jaime Amenabar eskertu nahi izan ditu "zuzendari gisa egindako lanengatik".