Hiru formazio ikastaro berri eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateak Azpeitian

Uztarria.eus 2017ko mar. 2a, 16:42

Honakoak dira eskainiko dituzten hiru ikastaroak: Komunikazioa: lan-orientazioa eta marka pertsonala; Proiektuen kudeaketa; eta Caravaggio eta Rubens. Pintura barrokoaren hasiera eta pizkundea. Dagoeneko eman daiteke izena ikastaroetan.

Deustuko Unibertsitateak hiru ikastaro berri eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Martxoan hasiko dira hiru ikastaroak eta izen emateko epea zabalik dago. Komunikazioa: lan-orientazioa eta marka pertsonala; Proiektuen kudeaketa; eta Caravaggio eta Rubens. Pintura barrokoaren hasiera eta pizkundea, izango dira eskainiko dituzten hiru ikastaro berriak. 

Azpeitiko Udalak esan duenez, "langabeziari aurre egiteko tresna eta baliabideak eskaintzen ari da herritarrei azken urteotan", eta horren baitan formakuntza "estrategikoa" dela uste du. "Beharrezko titulazioak ateratzeko laguntza eskainiz, eta norbere hazkunderako zein currikulumerako balio dezaketen ikastaroak herrian egiteko aukerta eskainita langabeziari aurre egitea lortu nahi da", adierazi du Udalak. Horregatik, ikastaro eta formakuntza eskaintza zabaldu du Deustuko unibertsitatearekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU), Lanbiderekin eta Banaiz Bagara Elkartearekin. 

Ezaugarri ezberdineko ikastaroak

Komunikazioa: lan-orientazioa eta marka pertsonala ikastaroa astearteetan eta ostegunetan eskainiko dute, 14:30etik 16:30era. Martxoaren 14an, 16ean, 21ean, 23an, 28an eta 30ean, eta apirilaren 4an eta 6ean. Azpeitian erroldatuta dauden herritarrek 19,20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek 24 euro. Izena emateko azken eguna apirilaren 20a izango da. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. 

Ikastaroaren edukiari dagokionez, honakoak dira landuko dituzten ildoak: norbere marka indartzeko eta merkatuan deigarri izatea; nola lortu lanak gerturatzea, komunikazio teknikak, adimen emozionala eta lan munduaren orientazioa. 

Proiektuen kudeaketa ikastaroa astearteetan eta ostegunetan eskainiko dute, 14:30etik 16:30era. Apirilaren 25ean eta 27an eta maiatzaren 2an, 4an, 9an, 11n, 16an eta 18an izango dira eskolak. Izen-emate prezioari dagokionez, Azpeitian erroldatuta dauden herritarrek 19,20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek 24 euro. Izena emateko azken eguna apirilaren 20a izango da. 

Ikastaroaren helburua da proiektu bat kudeatzeko beharrezko diren oinarrizko kontzeptu gehienak erakustea. Proiektuaren helburuak finkatu, espezifikazio eta beharrizanetara nola bihurtu, espezifikazio eta beharrizan horiek bete daitezen kalitate eta dokumentazio plan bat nola jorratu eta Gantter edo OpenProject doako software erreminta batekin jarraipena nola egin irakatsiko dute. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, parte-hartzaileek "asko jota" 3 urte dituen eta Google Chrome instalatuta duen Tablet edo ordenagailu eramangarri bat eraman beharko du praktika egin ahal izateko.

Caravaggio eta Rubens. Pintura barrokoaren hasiera eta pizkundea da eskainiko duten hirugarren ikastaroa. Bertan, parte-hartzaileek bi margolarien lanak eta horien testuingurua zein esanahia ezagutuko dituzte. Ikastaroa asteazkenetan eskainiko dute, 16:00etatik 18:00etara. Eskolak, berriz, martxoaren 29an, apirilaren 5ean eta 26, eta maiatzaren 3an, 10ean eta 17an eskainiko dituzte. Azpeitian erroldatuta dauden herritarrek 14,40 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek 18 euro. Izena emateko azken eguna martxoak 23an izango da. 

Izen ematea, zabalik

Hiru ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, eta izena eman nahi dutenek hiru bide dituzte horretarako: Udalaren Gizarte Zerbitzuen bulegoan, 943 15 71 92 telefonora deituta edota ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita. 

Formaziorako bekak

Herritarrek lan prestakuntza handitzeko edo garapen pertsonalerako ikastaroak egiteko aukera izan dezaten hainbat beka eskaintzen ditu Udalak Udalak ez du nahi herritarrentzat dirua arazo izatea formatzen segitzeko edo lanerako behar diren tituluak ateratzeko. 

Langabezian edo lanaldia %50ekoa edo gutxiagokoa duten 25 urte baino gehiagoko herritarrei laguntza emango dio Udalak, formaziorako beka eskainiz. Honako formazio moduak lagunduko dituzte: Profesionaltasun agiria eskuratzeko eskaintzen diren edozein mailatako ikastaroak, profesionaltasun agiria ateratzeko lanbide heziketako zikloak eta Udalak aurretik aztertuta, gizartearentzat komunitate eta gizarte-ikuspegitik garrantzitsuak jotzen dituen bestelako ikastaroak.