Udalak eskerrak eman dizkie karnabalak "ikaragarriak" izaten lagundu duten herritarrei

Uztarria.eus | Festak | Artikulua
2017-03-02 11:48

Kaldereroetatik hasi eta Astearte Karnabala arte kalera jendetza irten dela nabarmendu du Udalak, eta festak "ikusgarri" egin dituztenak herritarrak izan direla esan dute. Horrez gain, "ezer larririk gertatu ez" dela azpimarratu nahi izan du Festa Batzordeak.

Astelehen Karnabaleko desfileko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Karnabalak pasata, festen balorazioa egin du Azpeitiko Udalak, eta aurtengo karnabalak "ikaragarriak" izan direla esan du. Kaldereroetatik hasi, eta Elegante Egunean zein Astelehen Karnabalean, herritarren parte hartzea "izugarria" izan dela esan du Udalak. Horregatik, Udal Festa Batzordeak eskerrak eman dizkie festetan parte hartu duten herritar guztiei. 

"Eguraldiak lagundu du, baina baita herritarrek ere. Ehundaka lagun izan ziren kaldereroetan zartagina eskuan zutela kaleetan kantuan. Elegante Eguna ere giro ezin hobean joan zen, eta Astelehen Karnabalekoa zaila da hitzez azaltzen", azaldu du Festa Batzordeak. Astelehen Karnabaleko desfilean herritarrek landutako mozorroak  atera zituztela azpimarratu dute: "Goizean goizetik haur eta heldu, mozorrotuta ibili ziren kalean. Ikusgarria izan zen herritarrek nola landutako mozorroak atera zituzten kalera. Familian, lagun artean... adostu eta koadrila handietan landutako hamaika mozorro ikusteko aukera izan zen, goizetik ordu txikiak arte". Hala, "herritarrek egin dituzte festa hauek ikusgarri, eta guri eskerrak ematea tokatzen zaigu”, adierazi dute.

Bestalde, "ezer larririk gertatu ez" dela azpimarratu nahi izan du Festa Batzordeak: "Giro ikaragarri onean joan dira egunak, eta poztekoa da. Ohiko arazoez gain larritasun bereziko ezer ez da gertatu".

Udal Musika Banda, Zezen Beltz eta plazan eta kalean giroa jartzen aritu diren herritar guztiak eskertu nahi izan ditu Udalak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa