Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egitarau bateratua prestatu dute herriko hainbat eragilek eta Udalak

Uztarria.eus 2017ko mar. 2a, 10:48

Gaur emango diote hasiera prestatutako egitarauari, Adinekoak eta emakumea izatearen zailatasunak zahartzaroan mahai inguruarekin. Datozen egunetan, besteak beste, zine emanaldiak eta ikasleek egindako adierazpen ezberdinen erakusketa izango dira. Martxoaren 8an elkarretaratzea egingo dute plazan.

Gerturatzen ari da martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Azpeitiko hainbat eragilek eta Udalak egitarau bateratua prestatu dute datozen egunetarako. Emakumeen Mahaiak, Baigerak, Gaztelekuak, Emakumeen Txokoak, Paradisu Zinema zineklubak, Ikastetxeak eta ikastetxeetako ikasleek eta Udalak prestatu dituzte gaurtik hilaren 14ra bitarteko ekintzak. Azpeitiko Ernaik, aldiz, prestatutako egitarauari babesa erakutsi dio. 

Gaur, osteguna, Adinekoak eta emakumea izatearen zailtasunak zahartzaroan mahai ingurua izango da Baigera Ieko aretoan, 16:30ean hasita. Astelehenean, berriz, Sufragistas filma emango dute 16:30ean, eta asteartean Zinegoak emanaldia izango da Sanagustin kulturgunean, 19:00etan.

Martxoaren 8an,  Emakumeen Nazioarteko Egunean, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute plazan, eta, ondoren, El Tornillo maratoia eskainiko dute Sanagustinen. Martxoaren 10ean zineforuma izango da Gaztelekuan eta martxoaren 8tik 10era Beldur Barik programaren barruan ikasleek egindako lanak ikusgai izango dira ikastetxeetan. Hurrengo bi egunetan, aldiz, Sanagustinen izango da erakusketa bera. Azken egitasmoa, Historiarako emakumeak hitzaldia, hilaren 14an izango da.