Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko da igandean, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2017ko mar. 1a, 13:55

Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak; Iker Vicentek eta Ruben Saralegik; eta Joseba Otaegik eta Arria V.ak jokatuko dute finala, 12:00etan hasita. Sarrerak salgai izango dira egunean bertan Izarraitzeko txarteldegian. Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu.

Datorren igandean, martxoaren 5ean, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finala jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita. Gaur, asteazkena, eman dute finalaren xehetasunen berri.

Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari txapelketari azken urteetan egiten dion "harrera onagatik". Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak, bere aldetik, adierazi du "Udalak eskura dituen baliabide guztiak" ipiniko dituela txapelketa "ahalik eta ondoen irteteko", eta herritarrei dei egin die finala ikustera hurbil daitezen.

Urrezko mailan hiru bikotek jokatuko dute finala: Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak; Iker Vicentek eta Ruben Saralegik; eta Joseba Otaegik eta Arria V.ak. Gazteen mailan, aldiz, bi bikote lehiatuko dira. Eneko Otaño eta Etxeberria II.ak Zelai III.a eta Kañamares IV.a izango dituzte parez pare. 

Inoiz baino lehia estuagoa

Aurtengo final nagusia "inoiz baino estuagoa" izango dela aurreratu du Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak, eta bikoteen arteko berdintasun hori plazan ikustea espero duela esan du. Hala izatekotan, finala "oso polita" izango dela adierazi du Bengoak. Igandean Izarraitzen lehiatuko diren hiru bikoteak finala estua izango dela uste dute, baina gogoz datoz, eta sei aizkokariak irabaztera etorriko dira Azpeitira. Iaz txapeldun izan ziren Atutxa II.a eta Mugertza II.a, eta aurtengoan ere apustu makinek eurak jartzen dituzte faborito. Hala ere, Atutxa II.ak esan du makinek esaten duenak ez duela "ezer esan nahi" eta horren adibide dela iaz gertatutakoa. Bizkaiarrak esan duenez, "hiru bikoteak izan gaitezke aurrenak, baina baita hirugarrenak ere". 

Iker Vicente aurrenekoz izango da finalean Ruben Saralegirekin, eta "bikote osatua" egiten dutela adierazi du. Lehengusuak dira biak, eta horregatik batera lehiatzeak "sentimendu berezia" eragiten diola esan du Vicentek. Bikote berria da Otaegirena eta Arria V.a, baina hala izanda ere "gogoz" datoz finalera. "Aurreneko lanak ondo eginez gero, azken lanetan emaitza onak egin ditzakegu. Ez gatoz hirugarren izateko asmoarekin", esan du Arria V.ak.

Zozketa, sarrerak eskuratzeko

Azpeitiko Udalak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu finalerako. Zozketan parte hartu nahi dutenek, gaurtik ostiralera bitartean eman beharko dute izena, udaletxean edota udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Izen abizenak eta telefono zenbaki bat eman beharko dute zozketan partu nahi duten herritarrek, sarituaz izanez gero eurekin harremanetan jartzeko.