Xaputarrak A taldea Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako igoera fasera sailkatu da

Uztarria.eus 2017ko mar. 1a, 11:38

Joan den zapatuan, otsailaren 25ean, Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako zazpigarren jardunaldia jokatu zuten Xaputarrak A taldeak eta Xaputarrak B taldeak, Azpeitian. A taldea bigarren mailan ari da lehian, eta igoera fasera sailkatu zen zapatuan lortutako emaitzekin. Aitor Elustondok, Eneko Alberdik, Patxi Isasmendik eta Juan Carlos Fernandezek Hernani B taldea izan zuten aurrez aurre, eta 1,5-2,5 galdu zuten partida azpeitiar xakelariek. Hala ere, lortutako puntuazioa nahikoa izan zen igoera faserako txartela eskuratzeko. Elustondok bere partida irabazi zuen, Alberdik tablas (berdinketa) eskuratu zuen eta Patxi Isasmendik eta Juan Carlos Fernandezek beraien partidak galdu egin zituzten. Emaitza horrekin eta gainerako taldeek lortutako emaitzak zenbatu ostean, 15,5 punturekin sailkatu da Xaputarrak A igoera fasera.

Igoera faseko aurreneko partida Azpeitian jokatuko dute zapatuan, martxoaren 4an, Baigerako laugarren solairuan, 16:00etan hasita. Fortuna A taldea izango dute parez pare Azpeitiko xakelariek. 

Xaputarrak B-k ezin irabazi

Xaputarrak B taldea, aldiz, hirugarren mailan ari da lehian, eta zapatuan jokatu zuten asteko partida, Zarautzen. Azken partidetan ez dituzte nahi bezelako emaitzak lortu, eta zapatuan ere ezin izan zuten partida irabazi. Xaputarrak B taldeko xakelariek 1,5-2,5 galdu zuten Zarauzko ZKE E taldearen aurka. Osama Maraguik irabazi egin zuen, Unax Gastañagak tablas (berdinketa) lortu zuen, eta Aner Alonsok eta Youssef Chalalek, berriz, partidak galdu zituzten. Xaputarrak B taldea bederatzigarren dago sailkatuta ligan, eta hurrengo partida Azkoitian jokatuko dute zapatuan, Chesberri taldearen aurka.