HHko jolastokia eraldatzeko proiektua aurkeztu dute Karmelo Etxegarain

Uztarria.eus 2017ko ots. 22a, 20:36
Udaleko eta Karmelo Etxegaraiko arduradunak, ikasleak, gurasoak eta irakasleak, berritzera doazen jolastokiko eskaileretan.

Udalak herriko ikastetxe guztietako jolastokiak berritzeko diru partida onartu du 2017ko aurrekontuetan, eta Euskal Herria kaleko eraikinekoa izango da lehendabizikoa; ikasturte honetan hasiko dituzte lanak, datorrenerako prest izateko gune berria. Hezkidetza Foroan landutakoetatik abiatuta, ikastetxeekin elkarlanean gauzatuko dituzte jolastoki berrien proiektuak.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako eraikinaren jolastokia berritzeko proiektuaren berri eman dute gaur, Euskal Herria kaleko eraikineko jolastokian bertan, Udaleko eta ikastetxeko arduradunek, ikaslez, gurasoz eta irakaslez inguratuta. Udalak eta ikastetxeak elkarlanean gauzatutako proiektua da, izan ere, hilabete gutxi barru gauzatzen hasiko direna, eta datozen hilabeteetan herriko beste ikastetxeetan ere etorriko diren antzeko egitasmoen zerrendako aurrena. "Asmoa da, aurrera begira, beste ikastetxeetan ere jolastokietan aldaketak egiten joatea. Hau hasiera da, beraz", esan du Leire Goenaga Udaleko Hezkuntza batzordeburuak.

Ikastetxeetako jolastokien eraldaketa aurreikusita, lan horiek egiteko diru partida onartua du Udalak, 2017ko aurrekontuen barruan. Udala, Parekidetasun eta Hezkuntza sailen bidez, eta ikastetxeekin batera, jolas kooperatiboen proiektua ari da lantzen Hezkidetza Foroaren barruan, azken lau urteotan; hortik sortu da, hain zuzen ere, jolastorduetako dinamikak ez ezik, jolastokietako espazioak ere aldatzearen beharra. "Ikastetxe guztietan aztertu dituzte jolastorduak eta guztietan erabaki dute jolastordu horiek birplanteatzea; jolasak, azpiegiturak eta jolastokiaren antolaketa bera. Hortik dator proiektu honen zati handi bat", azaldu du Goenagak. Karmelo Etxegaraikoari dagokionez, proiektua lantzean "ikastetxearen proposamenak, beharrak eta nahiak kontuan hartu" dituztela adierazi du zinegotziak, baita "eskola orduetatik kanpora ere erabilera publikoa izango duen gunea dela".

Lanak, bi fasetan

Udalak proiektua egin eta onartu du dagoeneko, eta urbanizazio lanak abian jartzeko prozedura martxan da. Josu Labaka Hirigintza batzordeburuak azaldu du, exekuzio faseari dagokionez, bi zatitan banatuta egongo dela proiektua. Batetik, obra bera izango dena: irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dituzte, dauden eskailerak-eta kenduta, eta jolastokiari zati bat erantsiko zaio beheko muturrean. Elementu natural gehiago eta berdeguneak ere izango ditu jolastokiak, ikastetxeak hala eskatuta. "Proiektua eginda dago eta laster aterako da lehiaketa publikora; baldintzak prestatzen ari gara, lanen adjudikaziorako", azaldu du Josu Labaka Hirigintzako batzordeburuak. 2.675 metro koadroko lurzorua du Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen HHko jolastokiak, maila desberdinetan banatuta; "obra handia" da, beraz, Labakaren esanetan.

Eraldaketa lanen bigarren zatia jolastokiaren elementu berriak ezartzearena izango da; jolasak eta gune berrien diseinua, besteak beste. Jolastokia eraldatzeko proiektua aurrera eramateko parte-hartze prozesu bat ireki dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain. "Gurasoei galdetegi bat bidali diegu, seme-alabentzat zer-nolako jolastokia gustatuko litzaieken zehazteko. Erantzunak jaso eta aztertu ditugu, eta naturarekin lotura gehiago duen gune baten hautua nagusitu da, denen neurrira egindako jolastoki bat. Umeek ere egin dute behaketa bat, euren maketak eta marrazkiak egin dituzte, beren gustuko jolastokia irudikatuz", azaldu du Kamino Saiz zuzendariak. Horrekin batera, Elkartoki proiektuarekin ere ari dira lanean; EHUko Arte Ederretako irakasle baten laguntza izango dute, jolastoki berriaren diseinua lantzeko. Jolastokiaren lanen zati bat "auzolanean eta denen artean" egitea nahi dutela esan du Saizek, "pixka bat aurrezteko", batetik, "eta geuk egiten badugu, zaindu ere beste modu batean egingo dugula iruditzen zaigulako".

Lanak ikasturte hau bukatu aurretik hasiko dituzte eta asmoa da datorren ikasturte hasierarako bukatuta egotea. Proiektu osoaren aurrekontua 127.000 eurokoa da.