Ibon Guerra eta Unai Martinez (Kaluse): "Taldean bi izatea abantaila izugarria da"

Uztarria.eus 2017ko ots. 21a, 19:08
Ibon Guerra eta Unai Martinez, Kaluse, Gaztetxean.

Otsaileko Uztarria herri aldizkaria sarean da dagoeneko, webgune honetan irakurgai, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 191. zenbakian, besteak beste, Ibon Guerrari (Azpeitia, 1996) eta Unai Martinezi (Azpeitia, 1996), Kaluse taldeari, eginiko elkarrizketa hau irakur daiteke.

Gitarra elektrikoa eta bateria lagun, rock instrumentala egiten dute, hitzen presentziaren beharra sentitu gabe. Bigarren lana kalean, gorenean daude. Entzuleen belarrietara gozo sartu da Kaluse. Bi urte, bi disko (Kaluse eta Kaluse 2016), eta konposatzen jarraitzeko fresko daudela diote.

Kaluse. Herri basatia. Zuena, baina, ez da musika basatia, bortitza, gogorra.

Teknikoki hitz eginda, ez dugu genero gogor gisa sailkatzen gure musika. Halere, gure musikak zerbait gogorra eta bortitza transmititu dezakeela uste dugu. Finean, musikak eta entzuten duen horren egoerak determinatzen dute sentitzen dena, eta, ondorioz, egoera pertsonalek eta subjektiboek zeresan handia dute.

Umetako lagunak zarete. Noiz esan zenioten elkarri: 'Osatuko dugu taldea?'. Nolako ibilbidea izan da zuena?

Guk ez diogu elkarri halako galderarik egin inoiz. Umetako lagunak gara, eta horri musika afizioa eta interesa gehituta uler daiteke gure musika taldearen sorrera. Hasieran, musika egiteko gelditzen ginen, bertsioak jotzeko, eta batzuetan kantuak ere sortzen genituen. Prozesu bat da, zeinak gaur egunera ekarri gaituen. Tartean badago erabaki kontziente bat taldearen eraketari dagokionez, baina hori ibilbidearen kontzientzia besterik ez da. "Nola ulertzen dugu musika?" edo "zer zentzu du musika egiteak garai honetan?" galderak egiten dizkiogu geure buruari.

Ez zarete bikotea; taldea, baizik. Biok nahikoa zarete?

Aurrera goazen heinean are eta konbentzituago gaude biok nahikoa garela osatzen dugun talderako. Hasieran, nahikoa eszeptikoak baldin baginen puntu horri dagokionez, denborarekin konturatu gara bi izateak bere abantailak dituela, eta horrek izugarrizko askatasuna ematen digu musika egiterakoan. Hala ere, ez diogu ezetz esaten nohizean behin elementu berriak sartzeari. Azken CDan, adibidez, hainbat kolaborazio eduki ditugu, momentuak eta musikak hala eskatzen zutelako. Oraingoz, horrela jarraituko dugu, nahiz eta jakin denborak gauzak aldatu ahal dituela.

Taldea eta kantuak izendatzerakoan indigenetan inspiratu zarete. Zer miresmen diezue haiei?

Maketan indigenen gaiari erreferentzia egitea erabaki genuen, hortik baitator gure taldearen izena. Halere, bigarren lan honetan ez dugu bide beretik jarraitu. Leire [Arenas] lagunari eskatu genion diseinua eta azala egiteko, eta askatasun osoa eman genion lanaren edukiari dagokionez. CD bakoitzak gai desberdinak jorratuko dituela uste dugu.

Ez al duzue hitzen presentziaren beharra sentitzen?

Ez, musikaren bidez hitzen ausentzia betetzen saiatzen gara, musikak bakarrik hitz egin dezan. Hori erronka bat da, hitzak hainbesteko pisua duen egungo musikan.

Erlojuari erreparatu gabe egiten dituzue kantuak: minutu bat, lau, hamar, hogeita zazpi... Luze-laburrari begiratu gabe aritzen zarete?

Kantuek ez dute aurretiko egitura mugatu bat, prozesu baten ondorio dira. Sortzerakoan, beraz, ez diogu erreparatzen denborari.

Zein musika talde dituzue erreferente?

Oso zaila da talde baten izena ematea. Guk ez dugu soilik Kalusek errepresentatu dezakeen musika estiloa entzuten. Etengabe ari gara musika estilo berriak ezagutzen, eta entzuten dugun guzti horren sintesi nahastu bat besterik ez da gurea. Musika talde askok izan dute eragina gugan, baina ez dakigu zein izan daitekeen gure erreferentea.

Bi urtetan bi disko kaleratu dituzue. Nola aldatu da taldea? Zer bilakaera izan duzue?

Kantuak egiterako orduan argiago dugu zer egiten dugun, nahiz eta askotan ez lortu bilatzen genuena. Bestelako musika entzuteak izugarrizko eragina izan du.

Hainbat artisten kolaborazioak bildu dituzue bigarren lan honetan.

Bai, Felipe Murillok konposatutako eta Iraia Bereziartuak egindako kantu bat sartu dugu. CDa borobiltzen duela iruditzen zaigu, eta oso gustura gaude emaitzarekin. Horrez gain, Jokin Azpiazuk ere parte hartu du lan honetan.

Autoekoiztuta atera duzue diskoa. Beraz, lana kantuak ekoizten bakarrik ez. Zer ikasi duzue?

CDa ateratzea prozesu luzea da, eta kantuak egiteaz gain lan asko dago atzetik, eta are gehiago zuk zeuk egitea erabakitzen baldin baduzu. Baina horrek guztiak merezi du, gehigo baloratzen baituzu egindakoa.

Unerik onenean zaudetela diozue; konposatzeko fresko, gogoz. Eremu berriak urratzeko asmorik baduzue?

Bai, uneoro ari gara ideia musikalak garatzen bide batetik edo bestetik. Orain, gero eta leku gehiago uzten diogu inprobisazioari eta eremu berriak jorratzeko asmoa dugu.

Emozioak eta pozak bai, baina krisirik, zailtasunik, izan duzue?

Batzuetan, gauzak errazago ateratzen dira, baina, beste batzuetan, ideiak ez dira berez ateratzen. Halere, ez dugu krisia dei daitekeen unerik igaro.

Bi diskoen aurkezpenak Gaztetxean egin dituzue. Zuen tribuaren babesean?

Musika kontzertuak inguruarekin erlazioan lortzen du bere zentzua. Diskoaren aurkezpena egiterakoan ez dugu zalantzarik, Gaztetxean aurkitzen baikara ondoen.

Unai: zer ezaugarri edo bertute ditu Ibonek?

Musika estilo desberdinak ezagutzen ditu, eta musikaren soinuaren inguruko jakintza handia dauka. Horrekin, ekarpen handia egiten dio taldeari.

Eta, Ibon, galdera bera zuri.

Uneoro kantuak eskatzen duen nota hori bilatzeko erraztasuna eta gaitasuna du Unaik. Nire buruan ditudan ideiak egituratzen eta finkatzen ditu. Horrela lortzen du gure taldeak behar duen oreka.