30. urteurrena ospatu du Urkomek, erronka berriei eusteko prest

Uztarria.eus 2017ko ots. 21a, 16:19
Urkomeren 30. urteurreneko ekitaldiko irudia.

Egun, Urkomeren helburuak dira errelebo generazionala lortzea eta baserriek bizirik irautea. 30. urteurreneko ekitaldian, elkartearen kezkak eta etorkizunera begira dituzten erronkak izan dituzte hizpide, besteak beste. Horrez gain, Urkomeren webgunea sustatzeko plazaratutako spot-a proiektatu dute estreinakoz.

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak 30 urte egin ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur, otsailak 21, eguerdian Sanagustin kulturgunean. Bertan izan dira, besteak beste, Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusia eta Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria. Horiez gain, eskualdeko hainbat nekazarik eta udal ordezkarik ere parte hartu dute gaurko ekitaldian. Gidari lanetan, aldiz, Xabier Euzkitze aritu da, eta Urkomeren 30 urteetan zehar errepasoa egiten hasi du ekitaldia.

Urkomeko Landa Garapen Programak lau arlo estrategiko lantzen ditu: nekazaritza jarduera sustatzea, landa eremuko jarduera ekonomikoak sustatzea, landa eremuko azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea eta landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea. Urkomeko bazkideak eskualdeko hamaika udal eta 23 elkarte dira, eta horien artean dago Azpeitiko Udala.  

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza aurrena, eta Etxeberriak esan duenez, azpeitiarrek "oso beren" egiten dute Urkome: "Azpeitian du egoitza, eta herriko zein bailarako egitasmo guztietan parte hartzen du". Horrez gain, Etxeberriak esan du nekazaritza "sektore ekonomiko oso garrantzitsua" dela: "Aberastasun sortzaile benetan garrantzitsua da, eta mimatu egin behar dugu". Azpeitiko alkatearen iritziz, egungoa nekazaritza arloko "erronken garaia" da, eta Urkomek zein eskualdeko udalek "erronka berriei heldu behar" dietela esan du. "Garrantzitsua da denok batera profesionaltasuna indartzea, formazioa eskaintzea nahiz baserria proiektu integral gisa ikustea, bizitzeko aktibitatea delako. Eta, batez ere, baserriak eta landa eremuak betetzen duten funtzio soziala hartu behar dugu kontuan", esan du Etxeberriak. Horregatik, "udalei baserriak eta landa eremuak zaintzea eta laguntzea" ere badagokiela adierazi du Azpeitiko alkateak. Eneko Etxeberriak nazio identitatearekin ere lotu ditu baserriak eta landa eremua: "Horietan gure izaera dago, gure euskaltasuna".

Baserriak bizirik irautea xede

Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakariak hartu du hitza Etxeberriaren ostean, eta hark adierazi duenez, Urkomeren gaur egungo erronka da baserriak bizirik irautea. "Zaila" izaten ari dela esan du, ordea, "ondorengo belaunaldiek ez dutelako horrela ikusten eta ez dutelako horrela bizi". Horregatik, Urkomek bultzatzen duena "errelebo generazionala" dela esan du Eizagirrek.

Elkartearen sustraietara joanda, "zoriondu beharrekoa" eskualdeko baserriei bultzada emateko elkartzeko beharra sentitu zuten pertsona horien lana dela esan du. "Gaur egun, gauza asko falta bazaizkigu, orduan are eta gehiago falta ziren, azpiegiturak nahiz beste hainbat gauza", adierazi du Eizagirrek. Horrez gain, baserritik bizi daitekeela azpimarratu du Eizagirrek. Ideia hori sustatzea dute xede: "Bizi daiteke baserritik. Gure gurasoak hala bizi ziren, eta gu ere hala bizi izan gara. Hori sinistea eta baserriko egunerokotasunera eramatea oso zaila da, gazteek ez baitute hala ikusten. Horregatik, baserritik bizitzea posible denaren ideia bultzatu nahi dugu".

Instituzioei eskerrak eman dizkie Eizagirrek, baina esan du dei egin behar zaiela "egungo egoera benetan ikus dezaten eta benetako soluzioak eman ditzaten baserrian bizi diren pertsonei eta haien seme-alabei begira". Eizagirrek esan duenez, "diruaz gain, beste gauza askok ekar dezakete baserritik bizi daitekeela sinestea, eta eguneroko lan horri autoestima bat ematea".

Aurrera begira, "lanpostu berriak sortzen jarraitzea" nahi du Urkomek, baina Eizagirrek adierazi duenez, horri baino lehentasun handiagoa ematen diote lehendik dauden lanpostu horiei eustea.

Elkarlana, landa eremua sendotzeko

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak hiru gomendio eman zizkion Urkomeri: "Urkomeri esango nioke bere txikitasunaren handitasunaz harro egon daitezela. Landa garapen elkarteek, eta Urkomek tartean, izan dute gaitasuna egitura txikia izan eta egoera berrietara egokitzeko. Edozein erakunde edo elkarteren joera da handitzea, baina horrek zurrundu egiten ditu ekintzak askotan". Bestalde, Arrutik azpimarratu du, "landa garapen elkarteak ez direla erakunde finantziario bat, hau da, ez da jaurlaritzatik edo aldunditik jasotzen duten diruaren banatzaile soilak, proiektuak dinamizatu eta landa inguruneko egitasmoak bultzatzen dituzte. Eta, beharbada, hori da landa garapen elkarte bati aitortu behar zaion baliorik handienetakoa".

Azkenik, landa garapeneko elkarteen arteko elkarlanaz aritu da Arruti, eta esan du elkarteen arteko elkarlana "garrantzitsua" dela, "sinergiak sortzeko eta emaitza hobeak lortzeko". 

Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Urkomeri 30 urtez egindako lanagatik. "Ez dugu esajeratzen esaten dugunean elkartearen hastapenetatik eskualdea eraldatu duzuela. Guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskadiri aurrera egiten laguntzen dion enpresa kolektibo honen partaide izateagatik", esan du Basterrak.  

Spot berria, argitara

Gaurko ekitaldiari amaiera emateko, Urkomeren webgune berria sustatzeko kaleratu duten spota eskaini dute aurrenekoz. Spota, hemen