Odola emateko hileko hitzordua izango da bihar

Uztarria.eus 2017ko ots. 21a, 10:22
Odol ateraldi bateko irudia. (Azpeitiko Odol Emaileak)

17:00etatik 21:00etara izango dute odol-emaileek anbulatorioan odola emateko aukera. Azpeitiko Odol Emaileen Elkarketik odola ematearen garrantziaz jabetzea "garrantzitsua" dela nabarmendu dute, eta odola ematera deitu dituzte herritarrak.

Bihar, otsailak 22, odola emateko hileko hitzordua izango dute odol-emaileek anbulatorioan, 17:00etatik 21:00etara bitartean. Odola ematearen garrantziaz jabetzea "garrantzitsua" dela nabarmendu dute odol emaileek, eta urteak aurrera odol emaileen kopuruak behera egin duela azpimarratu dute Azpeitiko Odol Emaileen Elkartetik.

2014an 1.239 odol ateraldi zenbatu zituzten Azpeitian, eta 2016an ia 150 gutxiago. Joan den hileko odol ateraldian, baina, 104 herritar hurbildu ziren anbulatoriora, eta hori ikusita "pozik eta ilusionatuta" daude Odol Emaileen Elkarteko kideak. Horregatik, aurten 1.200 odol ateraldi zenbatzea jarri dute helbusu gisa. Hori lortzera bidean, herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute, eta gazte zein heldu animatu nahi dituzte hilero-hilero odola ematera. Hala ere, "dei berezia" egin nahi diete gazteei.  

Hurrengo hitzordua martxoaren 29a izango da, leku eta ordu berean.