Azken egunotan Tolosan eta Durangon izandako eraso sexistak salatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko ots. 20a, 13:31

Emakumeak astegunetan zein asteburuetan, goizez nahiz goizaldean "libre eta beldurrik gabe ibiltzeko eta sentitzeko neurriak" hartzen jarraituko duela adierazi du Udalak.

Azken egunotan Tolosan eta Durangon jazotako eraso sexistak "gogor salatu eta gaitzetsi" ditu Azpeitiko Udalak. Biktimei eta beren senide eta lagunei "babesa" azaldu die Udalak, eta "giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du. Bide horretan, emakumeak astegunetan zein asteburuetan, goizez nahiz goizaldean "libre eta beldurrik gabe ibiltzeko eta sentitzeko neurriak" hartzen jarraituko duela adierazi du Udalak.

Igande goizaldean Tolosan bortxatu egin zutela jakinarazi zion emakume adingabe batek Ertzaintzari. Berriaren arabera, gizon bat atzeman dute salaketa horren harira. Horrez gain, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Durangon beste sexu eraso saio bat ikertzen ari dira. Igande goizaldean sexu eraso saioa egin ziotela salatu zuen emakumezko batek, egunean bertan.