Oier Etxeberriak 'Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia' erakusketa aurkeztu du

Uztarria.eus 2017ko ots. 20a, 11:49
Oier Etxeberria eta Ane Rodriguez, Bizigarriak proiektuaren aurkezpenean. (Tabakalera)

Erakusketaren xedea da bizigarriak aztertzea, kafea, azukrea, tabakoa eta opioa kasu. Ikusgai izango da ekainaren 11ra arte, Donostiako Tabakaleran.

Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketa aurkeztu zuen Oier Etxeberria azpeitiarrak joan den ostiralean, hilaren 17an, Donostiako Tabakaleran. Etxeberria da Tabakalerako Proiektu Artistikoen arduraduna eta erakusketaren komisarioa, eta Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariarekin batera aurkeztu zuen esposizioa.

Erakusketaren xedea da bizigarriak aztertzea, kafea, azukrea, tabakoa eta opioa, esaterako, eta hainbat artistak egitasmo horretarako propio egindako ekoizpenak eta artxiboetatik zein museotatik ekarritako artelanak eta materialak biltzen ditu. Horrez gain, 2015-2016 biurtekoan Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan bertan izandako hitzaldi, mintegi eta tailerretan sortutako hainbat agiri ere jasotzen ditu Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketak.

Esposizioa ekainaren 11ra arte izango da ikusgai, Tabakaleran. Bitarte horretan, erakusketan lantzen diren gaiekin lotutako hainbat jarduerak egingo dituzte, hitzaldiak, performanceak eta bisitak, kasu.