Xaputarrak A taldea, Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako igoera fasetik geroz eta gertuago

Uztarria.eus 2017ko ots. 20a, 10:33

Joan den zapatuan, hilaren 18an, Gipuzkoako Taldekako Xake ligako seigarren jardunaldia jokatu zuten Xaputarrak A taldeko kideek, Zarautzen. Ez ziren nahi bezalako emaitzarekin itzuli Azpeitira, ezin izan baitzieten zarauztarrei irabazi, eta jardunaldia 2,5-1,5ko emaitzarekin amaitu zuten. Eneko Alberdi izan zen bere partida irabazi zuen bakarra; Izan ere, Aberto Urkiak tablas (berdinketa) lortu zuen eta Patxi Isasamendik eta Aitor Priyak galdu egin zituzten euren partidak. 

Hala ere, lortutako emaitza horiekin Xaputarrak A taldea sailkapen orokorrean bigarrengo postuan dago, 14 punturekin. Hala, beraien lehenengo helburua geroz eta gertuago dute, igoera fasera sailkatzea, hain zuzen.

Xaputarrak A taldea ez da Gipuzkoako Taldekako Xake ligan parte hartzen ari den Azpeitiko talde bakarra. Izan ere, Xaputarrak B taldea hirugarren mailan ari da lehian, baina joan den asteburuan atsedenaldia izan zuten. B taldea bederatzigarren postuan dago sailkatuta, 2,5 punturekin.

Bi taldeek hurrengo hitzordua Azpeitian dute zapatuan, hilaren 25ean. Xaputarrak A taldea Hernaniko xakelarien aurka arituko da, eta Xaputarrak B taldeak Zarauzko Iriondo E taldea izango du parez pare. Partida guztiak Baigerako laugarren solairuan jokatuko dituzte, 16:00etan hasita.

[Argazkia: Eneko Alberdi, joan den asteburuan jokatutako jardunaldian. (Iñaki Uranga) ]