Tokiko merkataritza indartzera dator Azpeitia Txartela

Uztarria.eus 2017ko ots. 17a, 18:21

Txartel berriak orain arteko Bertan fideltasun txartela ordezkatuko du. Bertanen zozketetan parte hartzeko eta erosketetan deskontuak izateko ez ezik, edozein komertziotan ordainketak egiteko eta udal instalazioetan sartzeko balioko du Azpeitia Txartelak. 

Azpeitia Txartela eskuragarri dago. Orain arte Bertan Merkatari Elkartearen fideltasun txartela izan dena ordezkatzera eta herritarrei "zerbitzu osoagoa" ematera dator Azpeitia Txartela. Hori hala izateko ia bi urtez aritu dira lanean Bertan, Azpeitiko Udala eta Rural Kutxa, eta gaur, ostirala, eman dituzte txartel berriaren inguruko xehetasunak.

Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, "txartel berriaren helburua da Azpeitiko saltoki txikiak indartzea eta horiek laguntzea". Herriko denden garrantzia azpimarratu du Etxeberriak, eta negozio txikiek herriari bizia ematen diotela esan du. Horrez gain, Azpeitikoa geldirik ez dagoen merkataritza dela esan du Eneko Etxeberria alkateak, eta merkatariak uneoro erronka berriei aurre egiten ari direla nabarmendu du. Horren adierazlea da Azpeitia txartela.

Orain arteko fideltasun txartelak elkarteko dendetan erosketak egiteko eta hainbat zozketetan parte hartzeko soilik balio zuen. Orain, beste bi erabilera gehitu dizkiote txartel berriari. Alde batetik, edozein dendatan ordainketak egiteko balioko du, Visa txartelaren moduan. Bestetik, udal instalazioetan erabiltzeko aukera eskainiko du. Modu horretan, kiroldegira sartzeko edo liburutegiko zerbitzuak eskuratzeko balioko du, besteak beste. Bestalde, Azpeitia Txartelarekin denda batean erosketa bat eginez gero, denda berean egindako hurrengo erosketan deskontua izango dute herritarrek. 

Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak azaldu duenez, merkatari elkartearen helburua da azpeitiarrek erosketak herrian eroso egitea, eta bide horretan, txartel berria "tresna garrantzitsua" dela esan du. 

Herritarren eskura, doan

Azpeitia Txartela eskuratu nahi duten herritarrek eskaera egin dezakete dagoeneko. Eskaera orriak eskuragarri daude Bertaneko dendetan, udaletxeko harreran, igerilekuan, liburutegian eta Rural Kutxan. Txartela eskuratzea doakoa izango da. Bertaneko fideltasun txartelak duten pertsonei, aldiz, gutun bat helaraziko diete, txartel berriaren bila Rural Kutxatik pasatzeko esanez. Bertaneko fideltasun txartela apirilaren 15era arte izango da erabilgarri, baina fideltasun puntuekin lortutako bonoak eskuratzeko azken eguna otsailaren 28a izango da. 

Txartela herriratzeko aurreneko kanpaina martxoan abiatuko dute, eta hilabete horretan zehar Azpeitia Txartela erabiltzen dutenek %15erainoko deskontua izango dute Bertaneko dendetan.