Kultur taldeentzako diru-laguntzak eta Sorkuntza Bekako diru partida igo ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko ots. 17a, 16:03

Aurten, 4.000 euro gehiago bideratuko dituzte kultur elkarteei zuzendutako diru-laguntzetara, eta Sorkuntza Bekara aurkeztutako proiektuak laguntzeko diru partida bikoiztuko dute. 

Kulturara bideratutako diru partida %15 igo du Azpeitiko Udalak. Hala, kultur eskaintza eta sormena indartzera begira pauso bat gehiago eman, eta kultur elkarteei zuzendutako diru-laguntzetara eta Sormen Bekara bideratutako diru partidak igo dituzte. 

Azpeitiko kultur dinamika "oso indartsu" dagoela esan du Josu Labaka zinegotziak, eta hori hala izatearen arrazoietako bat kultur taldeek eta eragileek egiten duten sortze lana dela azpimarratu du. Horrez gain, "sortze prozesuan indarra jarri behar" dela adierazi du Labakak, eta bide horretan, Udalak kultur dinamikari bultzada eman asmoz, diru-laguntzetan "aurrerapauso bat" ematea erabaki duela azaldu du.

Iaz 43.500 euroko diru-laguntza eskaini zuen Udalak kultur taldeen beharrak asetzera begira, eta aurten 4.000 euro gehiago jarri dituzte horretarako, 47.500 euro, hain zuzen. Diru-laguntza horiek eskatzeko azken eguna martxoaren 15a, asteazkena, izango da. 

Sorkuntza Bekari bultzada

Udalak eta Kultur Mahaiak iaz jarri zuten martxan Sorkuntza Beka. Horren helburua da herriko kultur dinamika indartzen laguntzea, norbanakoei beren proiektuak aurrera eramateko diru-laguntza eskainita. Iaz 6.000 euro banatu zituzten herritarrek aurkeztutako bost proiekturen artean, eta aurten diru kopuru hori bikoiztea erabaki du Udalak. Hala, Sorkuntza Bekaren bigarrengo edizioan 12.000 euro bideratuko dituzte aurkezten diren proiektuak diruz laguntzeko.

Sokuntza Bekako Aurreneko edizioak "erantzun oso ona" izan zuela adierazi du Ainara Larrañaga zinegotziak, eta aurten ere hala izatea nahi dute. Iaz "mota ezberdinetako proiektuak" aurkeztu zirela esan du Larrañagak, eta bigarren edizioan ere hala izatea espero dutela esan du. Bestalde, herritarrak bekara aurkeztera animatu ditu, "buruan dituzten kultur proiektuak gorpuzteko".

Kultur proiektuak aurkezteko epea martxoaren erdi aldean zabalduko dute, eta orduan jakinaraziko dituzte aurtengo Sorkuntza Bekako oinarriak.