Abian da bailarako egoera sozioekonomikoa ezagutzeko 'Elkarrekin eraikitzen' proiektua

Uztarria.eus 2017ko ots. 17a, 12:55
Elkarrekin eraikitzen proiektuko saioetako bateko irudia. (Eneritz Albizu)

Bailarako bost ikastetxek eta 250 ikasle inguruk hartuko dute parte egitasmoan. Iazko parte hartzaileek egindako ebaluazioetan oinarrituta, aurten hainbat berrikuntza izango ditu egitasmoak. Hala, irakasleen gida osatuko dute, web orria berrituko dute eta erronka berriak prestatuko dituzte.

Elkarrekin Eraikitzen proiektua abiatu dute Iraurgi Berritzenek eta Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek laugarren urtez. Aurtengoan, bailarako bost ikastetxek eta 250 ikasle inguruk hartuko dute parte egitasmoan. Horiez gain, 40 eragile baino gehiagok parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek.

Egitasmoaren xedea da, besteak beste, bailarako egoera sozioekonomikoa ezagutaraztea eta ekintzailetasunaren balioak sustatzea. Ikasleek proiektuaren bidez, egoera errealak jorratu beharko dituzte, eta horretarako bisitak eta elkarrizketak egingo dituzte bailarako enpresa, talde eta erakundeetan. Irakasleei dagokienez, berriz, irakaskuntza metodologia berritzaileak ezartzeko aukerak eskaini nahi dizkiete, besteak beste, ikasleengan "ohiko irakaskuntzarekin landu ezin diren gaitasun eta balioak sustatzeko". Sormena, IKT-n erabilera, komunikazioa, autonomia, iniziatiba eta taldean lan egiteko gaitasunak dira landu nahi dituzten puntuetako batzuk.

Iazko parte hartzaileek egindako ebaluazioetan oinarrituta, aurten hainbat berrikuntza izango ditu egitasmoak. Hala, irakasleen gida osatuko dute, web orria berrituko dute eta erronka berriak prestatuko dituzte.

Proiektuko aurreneko pausoak abenduan eman zituzten. Parte-hartzaileek lau saio egin zituzten aurrena, proiektuaren nondik norakoak zehazteko. Lan Taldeen Gidaritza mintegia ere egin zuten saio horietan, eta oinarri teorikoak eta proiektuan zehar sortu daitezkeen egoera desberdinak landu zituzten.