Kirol inklusiboaz gozatzen, lagun artean

Uztarria.eus 2017ko ots. 17a, 11:13

Astean bitan, astelehenetan eta asteazkenetan, kirol inklusiboa egiten dute herriko hainbat lagunek Udal Igerilekuan. Egitasmoa duela hamar urte inguru abiatu zuten Azpeitiko Udalak eta Atzegik elkarlanean, eta proiektuaren helburua da integrazioa bultzatzea eta kirola herritar guztien eskura dagoela erakustea. Ainhoa Fernandez, Eli Agiriano, Xabier Muguruza, Ander Alberdi eta Igor Boo dira egitasmoan parte hartzen duten gazteetako batzuk, eta horiekin solasean aritu da uztarria.eus.

Egitasmoan parte hartzen duten gazteek adierazi dutenez, "oso gustura" joaten dira lagun artean kirola egitera, eta giro ederrean "ederki" pasatzen dute. Astelehenetan ariketa ezberdinak egiten dituzte uretan, baita igeriketa praktikatu ere. Hala, urtean zehar egiten diren igeriketa egokituko hainbat txapelketetan parte hartu izan dute gazte horietako batzuk. Asteazkenetan, berriz, gimnastika egiten dute igerilekuko eraikineko erabilera anitzeko gelan. Hockey-an, harrapaketan edota paletan ibiltzen dira, besteak beste. Horrez gain, instalazioak libre egonez gero, bizikletan ere ibiltzen dira tarteka. Saioak gidatzeaz Maider Aizpurua monitorea arduratzen da, eta ordubete ingurukoak izaten dira. 

Atzegik eta Udalak egitasmoa abiatu zutenetik, dozenaka herritar animatu da urteetan zehar kirol inklusiboa egitera, eta Udalak azaldu duenez, geroz eta herritar gehiago dago interesatuta egitasmoan. Hori ikusita, Udala aztertzen ari da ostiraletan kirol inklusiboa egiteko bilduko den beste talde bat sortzea.