Arria V.ak marka ahalegina egingo du Azpeitiko zezen-plazan apirilaren 30ean

Uztarria.eus 2017ko ots. 16a, 19:39
Xabier Orbegozo 'Arria V.'-a. (Urola Kostako Hitza)

Joxe Aierbek 1976an aizkoran eta korrika egindako lana ondu nahi du errezildarrak, 20 kanaerdiko ebakiz eta korrika 20 kilometro eginez. Kañamaresen eta Jauregiren kontrako apustuan egin zuen lan berdina da.

Xabier Orbegozo Arria V.-ak marka ahalegina iragarri du gaur, osteguna, eta Azpeitiko zezen-plazan egingo du, datorren apirilaren 30ean.

Joxe Aierbek 1976an Gasteizen aizkoran eta korrika egindako marka ontzea da Azpeitian bizi den errezildarraren helburua. Aierbek 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituen orain dela 41 urte, 20 kanaerdiko ebaki eta 20 kilometro lasterka osatzeko. Lanak denbora horren azpitik egitea izango da, beraz, Arriaren erronka.

Lan berdina egin zuen orain dela gutxi errezildarrak, Tolosan, Kañamaresen eta Jauregiren kontra jokatu zuen apustuan. Apustu hura galdu egin zuen Orbegozok: 2 ordu, 12 minutu eta 54 segundo behar izan zituen orduan (2:12:33 denborarekin irabazi zuen bikoteak).

Anoetako Excavaciones Peru enpresarekin egin du hitzarmena Arria V.ak Azpeitian marka ahalegina egin ahal izateko: babesleak 3.000 euro emango dizkio kirolariari marka saiakeragatik; eta beste 3.000, lanak 2 ordu eta 10 minutu azpitik egiten baditu.