Pauso bat gehiago, Inaziotar Bidea indartzera begira

Uztarria.eus 2017ko ots. 16a, 13:57
Gaurko agerraldian parte hartu duten ordezkariak, jarri dituzten paneletako baten aurrean.

Hainbat panel jarri dituzte Inaziotar Bideko Gipuzkoako zatiko etapen hasieran eta amaieran. Horrez gain, bidegurutzeetan hainbat seinale jarri dituzte. Herriguneetan, aldiz, hainbat txapa ipini dituzte. Instituzioen elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute Azpeitiko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariek.

Inaziotar Bidea indartzera eta ezagutaraztera begira, lanean ari dira Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, elkarlanean. Bide horretan, pauso bat gehiago eman, eta Loiolatik Manresara doan bidean hainbat kartel eta bide seinale jarri dituzte. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur, osteguna, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateordeak, Harkaitz Millan Eusko Jaurlaritzako Basque Tour agentziko zuzendariak, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru aldundiko Turismoko zuzendariak eta Jesus Mujika Iraurgi Berritzenen turismo ataleko zuzendariak.

Jesus Mujikak azaldu duenez, panelak Gipuzkoako etapa bakoitzaren hasieran eta amaieran jarri dituzte, baita bidegurutzeetan hainbat seinale jarri ere. Horrez gain, Inaziotar Bideko herriguneetan hainbat txapa jarri dituzte, Inaziotar Bidearen ikurrarekin. Bestalde, mapa berri bat kaleratu dute, jendea bidea egitera animatzeko. Bertan, hainbat informazio praktiko eskaintzen dela azaldu du Mujikak: "Bidearen inguruko hainbat informazio jasotzen da bertan, bideen arteko distantziak, latitudeak edota herrietan dauden baliabide kulturala". Inaziotar Bidearen inguruko informazioaz gain, Donostia 2016 ibilbideak proiektuaren barruan kokatzen den Hiru Tenpluen ibilbidea ere jaso dute mapan, hori ere Loiolan hasi eta Arantzazura iristen baita.

Elkarlanaren fruitua

Turismoa bultzatzera bidean, Eneko Etxeberriak esan du "plazer bat" dela institzuio ezberdinak turismoa bultzatzeko norabide berean lanean aritzea eta proiketu bera bultzatzeko indarrak batzea. Horregatik, "eskerrak" eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta bidearekin bat egin duten udalerrietako Udalei. Ana Azkoitiak, bere aldetik, esan du, Inaziotar Bidean sartzen diren herriek "altxor bat" dutela eurekin, eta azpimarratu du Loiolatik Manresara doan bidea zenbat eta gehiago bultzatzen den, "onuragarriagoa" izango dela inguruko herrientzat. Hala, erronketako bat turistak Loiolatik inguruko herrietara gerturatzea dela esan du, bisitarien inguruetan dagoen eskaintza kulturala eta gastronomikoa ezagutzeko. 

Inaziotar Bidea Eusko Jaurlaritzak duen turismo ildo nagusien artean dagoela esan du Harkaitz Millan Eusko Jaurlaritzako Basque Tour agentziako zuzendariak, eta nabarmendu du Inaziotar Bidea bezalako egitasmoek turismo jasangarria bultatzen dutela: "Datozen turistak bertako kultura, gastronomia eta bertako monumentuak errespetatzen dituzten turistak dira".

Maite Cruzadok, aldiz, Foru Aldundiarentzat Inaziotar Bidea "ezinbesteko" proiektua dela adierazi du, eta horregatik San Sebastian region proiektuaren barruko aurreneko bost norabideen artean dagoela azpimarratu du. Horrez gain, azaldu du, Loiolatik Manresarako bidea promozionatuko dutela sare sozialetan. Inaziotar Bidearen inguruko informazioa nork eskatzen duen aztertu dutela azaldu du, eta horien artean, besteak beste, Erresuma Batuko, Belgikako, Frantziako eta Canadako turistak daudela esan du.