Sanagustin dantzaleku bihurtuko da ostiral honetan ere

Uztarria.eus 2017ko ots. 15a, 19:09
Urtarrilaren 27ko saioaren irudia. (Urola Kostako Hitza)

Otsailean ere areto dantzak egiteko aukera eskainiko dute azkenean kulturgunean; hilaren 17an, 22:30etik aurrera izango dute hitzordua.

Joan den urtarrilaren 27an jarri zuten abian Sanagustin dantzaleku egitasmoa herriko kulturgunean. Hilean behin, ostiralez, areto dantzak egiteko aukera eskaintzea da asmoa. Momentuz, maiatza bitarterako hitzorduak jarri dituzte.

Egitasmoa aurkeztu zutenean, otsailerako ez zuten datarik aurreikusita. Azkenean, ordea, hil honetan ere areto dantzazaleek izango dute beren eguna: ostiral honetan izango da, otsailak 17, 22:30etik aurrera.

Martxoaren 10ean, apirilaren 7an eta maiatzaren 5ean izango dira, berriz, hurrengo zitak.