Begoña Uharte: "Elkartasunak asko elikatzen du benetakoa baldin bada"

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 15a, 13:59
Begoña Huarte. (Hibai Arbide Aza / Berria)

Huarte Grezian atxilotu zuten zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzeko saiakeran. Amaiur Martinezekin hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean, Elkar-ekinek antolatuta.

Greziako iparraldean, Italiara joateko ferry bat hartzear zegoen Begoña Huarte (Leitza, Nafarroa, 1957) Mikel Zuloagarekin batera atxilotu zutenean. Haien helburua zen zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzea; eta horregatik atxilotu zituzten, hain zuzen. Libre gelditu ziren, bermea ordainduta, Huarteren arabera, errefuxiatuen deklarazioari esker. "Errefuxiatuek azaldu zuten ez zigutela dirurik ordaindu eta bat egiten zutela gure ekintzarekin”. Epaiketaren zain diren honetan, desobedientzia zibilaren balioa azpimarratu du Huartek, eta azaldu du egindakoak "merezi" izan zuela sentiarazi zietela errefuxiatuek.

Abenduaren 27an atxilotu zintuzteten Igoumenitsako portuan. Nola oroitzen duzu gertatutakoa?

Hara joan ginen gauez ferrya hartzera, eta abiatu baino hamar minutu lehenago sartu ziren zortzi errefuxiatuak autokarabanara. Han harrapatu gintuzten. Oso momentu frustragarria eta indartsua izan zen. Gure helburuetako bat zen errefuxiatuei elkartasuna adieraztea eta ez zeudela bakarrik esatea. Nahi genien esan laguntzeko geundela, lagundu nahi geniela, eta gure eskubide berak dituztenez, handik eramango genituela. Baina hori guztia esan haiei, eta ez betetzea… Fustratuta sentitzen ginen, ez genekielako zer gertatuko zitzaien, baina bi ordura askatu zituzten, eta haien erantzuna hain izan zen maitagarria eta esker onekoa… Elkartasuna adierazi ziguten trukean, eta oso lasai gelditu ginen. Benetan hunkigarria izan zen erantzuna, eta sentitu genuen merezi izan zuela egin genuena egiteak. Pertsona bezala pertsonago sentiarazi gintuzten. Elkartasunak asko elikatzen du benetakoa baldin bada.

Aske utzi zintuztetenean ere errefuxiatuen izugarrizko berotasuna jaso zenuten.

Oso polita izan zen. Atxilotuta geunden bitartean ez genuen gauza askoren berri izan. Aske utzi gintuztenean eta egunkariak irakurtzen hastean konturatu ginen egin genuenak hartu zuen dimentsioaz. Ohartu ginen egoera izugarria zela, Grezian ere babestuta geundelako.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.