Zinea antzerki bihurtzera dator 'Malmö' antzezlana Soreasu antzokira

Uztarria.eus 2017ko ots. 15a, 13:55
Malmo antzezlaneko une bat. (Khea Ziater)

Malmö' obra taularatuko du Khea Ziater taldeak ostiralean, hilaren 17an, Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Zine eszenikoa ekarriko dute Azpeitira, ordubete inguru iraungo duen antzezlanean. Ohiko obrekin alderatuta "berezia" dela aurreratu du Ainhoa Jauregi aktoreak. Harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

"Bizkorra, freskoa eta berezia" da Malmö antzezlana, obrako protagonistetako baten, Claudiaren, papera mamituko duen Ainhoa Jauregi (Urretxu, 1974) aktorearen hitzetan. Hark aurreratu duenez, ez da antzerki obra arrunt bat, zine eszenikoen barruan kokatzen baita. Hala, elementu artistiko ezberdinak uztartuko dituzte ordubete inguruko emanaldian, hala nola zinea, antzerkia eta musika. Film bateko irudiek hartuko dute eszenatokiaren atzeko aldea, aktoreek istorioari jarraipena oholtzan ematen dioten bitartean. Alex Gerediaga da zuzendaria, eta film eszenikoen munduan ekoizten duen bigarren lana da Malmö.

Aspaldi ikusi gabeko bi lagun, Claudia eta Saga (Maria Urtzelai aktoreak mamituko duen pertsonaia), elkartzen direnean hasten da istorioa. Duela bost urte ezagutu ziren biak, Claudia lana aurkitzeko asmoarekin joan zen Danimarkara, momentu hartan Saga abeslari bezala hasten ari zen bitartean. Beraien bizitzako hiru urterik zoroenak elkarrekin pasa zituzten, baina zerbaitek hautsiezina zirudien harreman hori apurtu zuen. Hainbeste denbora pasa ondoren, Saga da Claudia ikustera datorrena, aurrez abisatu gabe. Maletan gorrotoa dakar gordeta. 

Ohikoa ez den antzezlana dela esan du Jauregik, eta horregatik herritarrak obra ikustera animatu ditu: "Inoiz ikusi gabeko antzezlana da, pixka bat denetik du, bizia da, eta erritmo azkarra du, horregatik da berezia, eta horregatik etorri beharko lukete ikusleek obraz gozatzera".

"Harrera ona" orain arte 

Iazko urtarrilean estreinatu zuten obra, eta orduztik 14 aldiz eskaini dute antzezlana euskaraz, eta hiru aldiz gazteleraz. Kritika aldetik "harrera ona" izan duela esan du Jauregik, eta ikusleek ere "ondo" erantzun dutela ikusita, erantzunarekin "gustura" daudela azpimarratu du. 

Sarrerak salgai daude kulturaz.eus webgunean, zortzi eurotan. Ostiralean, berriz, leihatilan egongo dira eskuragarri hamar euro ordainduta.

Hemen, bideo labur bat:

MALMÖ.Trailer I from kheaziater on Vimeo.