Garaipen garrantzitsua Añaresentzat eta porrota Sammic-entzat

Uztarria.eus 2017ko ots. 13a, 19:40
Añares Rioja ISBko jokalariak, Azpeitiko kiroldegian jokatutako partida batean. (ISB)

LF2ko taldeak sailkapeneko azken postuetatik ihes egiteko aurrepausoa eman du, Siegle XXIri 75-60 irabazita. Zilarrezko LEB ligan, aldiz, bolada ona eten dute Iraurgikoek Xuven Cambadosen etxean (79-70).

Iraurgi Saskibaloiko emakumeentzat garaipena eta gizonentzat porrota utzi ditu azken jardunaldiak. LF2n, Añares Rioja ISBk sailkapeneko azken postuetatik ihes egiteko beharrezkoa zuen garaipena lortu zuen, etxean, Siegle XXI taldearen kontra (75-60). Zilarrezko LEB ligan, aldiz, Galizan galdu egin zuen Sammic ISBk, Xuven Cambadosen kantxan (79-70); bolada ona etenda, lehen postutik hirugarrena jaitsi dira, baina liderrarekin berdinduta.

Azken asteetako irudi eta lan ona emaitzetan isladatzen hasi da Añares ISB. Liderraren aurka puntu bategatik galdu ondoren, Segle XXI menderatu zuen atzo Xabi Chicoren taldeak. Katalanek bizi hasi zuten partida, hirukoak erraz lortuz, baina Añaresek talde lan bikainarekin erantzun eta aurretik joan zen beti markagailuan. Partida aurrera joan bezala, Johnson eta Wells agertu ziren, 23na punturekin; eta Lizarazu kapitainaren laguntzarekin (10 puntu), aldea handitzea lortu zuten Iraurgiko neskek. Atzoko garaipenarekin aurrerapauso garrantzitsua eman du Añaresek, konfiantza irabazteaz gain, sailkapeneko azken postuetatik ihes egiteko bidea aurkitu baitu.

Sammic ISBk partida zaila zuen Galizian zapatuan, sasoi betean eta sailkapeneko goiko aldean dabilen Xuven Cambadosen aurka. Etxekoak hasieratik jarri ziren aurretik markagailuan, eta atsedenaldira 11 puntuko aldearekin iritsi ziren. Iker Buenoren taldea partidari buelta ematen saiatu zen, baina gehienez ere 4 puntura gerturatzea lortu zuten eta ez zuten irabazteko aukerarik izan. Porrot horrek, Sammicen azken asteetako bolada ona eteteaz gain, ligako sailkapena estutzen du.