Jolasa plazara itzuliko da ostiralean, Plazatarrak egitasmoaren laugarren saioarekin

Uztarria.eus 2017ko ots. 13a, 14:32

Taldekako jolasak egingo dituzte otsaileko saioan, HH5etik LH6ra arteko gaztetxoei eta horien gurasoei zuzenduta. Izena emateko azken eguna asteazteazkena, hilak 15, izango da. 

Hilabeteko etenaldiaren ostean, bueltan da Plazatarrak egitasmoa, eta datorren ostiralean, hilaren 17an, egingo dute laugarren saioa. Aurtengo aurrenekoa izango da, eta taldekako jolasak landuko dituzte herriko plazan, 17:30etik 19:30era bitartean. Egitasmoa H.H 5etik L.H 6ra bitarteko haurrei eta beren gurasoei dago zuzenduta, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Horretarako azken eguna asteazkena, otsailak 15, izango da.

Izena emateko orriak herriko ikastetxeetan banatuko dituzte, eta lau umeko arduradun batek ere izena eman beharko du. Ikastetxeetan ez ezik, Gazte Informazio Bulegoan (GIB) ere eman daiteke izena, bulegora bertaratuta, 943 15 71 60 telefonora deituta edo gib@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita.

Herriko plaza eta kaleak haurren berezko jolastoki moduan berreskuratzeko helburuarekin, iazko apirilean jarri zuten martxan Plazatarrak egitasmoa Udaleko Gazteria Sailaren ekimenez, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek eta Urrestillako haur zerbitzuak. Uztarriak Plazatarrak egitasmoaren inguruko erreportajea kaleratu zuen, 2016ko maiatzeko aldizkarian.