Erniarraitz 1 garaile Sanagustinen, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren kanporaketan

Uztarria.eus 2017ko ots. 11a, 12:37
Atzoko saioaren une bat, Sanagustinen. (Olaia Iraola / Urola Kostako Hitza)

Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Uranga azpeitiarrek 17-7 puntuazio aldearekin irabazi zioten Oiartzungo Leixoti taldeari atzo gaueko saioan.

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren jardunaldia jokoan da asteburuan. Lehen faseko kanporaketetako bat atzo, ostirala, egin zuten Sanagustin kulturgunean eta, bertan, etxeko taldea izan zen nagusi.

Azpeitiar bertsolariak tartean dituzten bi talde daude parte-hartzaileen artean, eta horietako aurrenaren txanda izan zen atzokoan, Erniarraitz 1ena, hain zuzen ere. Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Uranga azpeitiarrek 17-7 puntuazio aldearekin irabazi zioten Oiartzungo Leixoti taldeari atzo gaueko saioan; Ander Lizarraldek, Jon Otegik eta Jokin Irastorzak ordezkatu zituzten oiartzuarrak. Afaria egin zuten aurrez Sanagustinen, eta guztira 100 bat bertsozale elkartu ziren kulturgunean.

38 talde ariko dira lehian Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan. Joan den aste bukaeran hasi zen txapelketa eta finala Azpeitian jokatuko da, maiatzaren 27an.