Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Gipuzkoako Hitza 2017ko ots. 10a, 19:06
(Emakumeen Txokoa)

Zazpi urte dira Emakumeen Azpeitiko Jabetze Eskola sortu zutela, eta, ordutik, hamaika ikastaro eta tailer antolatu dituzte, denak helburu berarekin: emakumeei bitartekoak eskaintzea euren buruaren jabe izateko. Azkenaldian, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere abiarazi dituzte antzerako ekimenak.

Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko bitartekoak eskaintzea; horixe jabetze eskolen helburua. Zertarako? Emakumeek esparru sozialean eta politikoan duten parte-hartzea indartzeko. Eta nola egiten duten hori? Era guztietako ikastaro eta tailerrak antolatuta. Azpeitiko Jabetze Eskolan, esaterako, otsailetik ekainera, sei ikastaro emango dituzte: biodantza ikastaroa, erotismo eta autoezagutza tailerra, mendian orientatzen ikastekoa, neska gazteentzako autodefentsa feminista, emozioak lantzen ikasteko tailerra eta historian esanguratsuak izan diren zortzi emakumeren biografiak ezagutzea ahalbidetuko diena.

Ikastaroetan izena emateko epea igarota —oraindik ere jendea hartzen dute lekurik gelditzen bada—, izan duten erantzunarekin "oso pozik" daudela nabarmendu du Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. "Jende asko animatu da eta zenbait ikastaro bete egin dira". Arrakasta horren atzean, baina, lan asko dago, urteetako lana. "Denborarekin, badirudi Jabetze Eskola bere lekua egiten ari dela. Horrelako prozesu sozialak mantsoak izaten dira, ordea".

Zazpi urte dira Emakumeen Azpeitiko Jabetze Eskola martxan jarri zutela, eta bost Emakumeen Txokoa zabaldu zutela. Baina, urte batzuk aurretik hasi ziren ideia horiek egosten. Hastapeneko urratsez galdetuta, udalean Parekidetasun Saila sortu zuten garaira, 2007ra, jo du Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikariak. "Ikusten genuen emakumeek eta gizonek ez genuela eremu publikoan modu berean parte hartzen. Bide horretan pausoak emateko, beharrezkoa iruditzen zitzaigun emakumeentzat propioa izango zen gune bat, gure bizitzaren jabe izaten eta eremu publikora jauzi egiten lagunduko ziguten jabetze prozesuak garatzeko".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.