Jose Mari Sarasola: "Hiru arima ibiltzen dira beti nire atzean"

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 10a, 11:03
Jose Mari Sarasola. (Ihintza Elustondo)

Gaixotasuna, bizitzaren aliatua hitzaldia emango du bihar Jose Mari Sarasolak, 16:30ean, Soreasu antzokian. Gaixotasuna onartu, eskertu eta besarkatu egin behar dela dio, harengandik ikasteko.

ose Mari Sarasola (Azpeitia, 1981) gidari dituen hiru arimarekin ibiltzen da beti. “Gaur hemen bi daude, baina ez naiz kezkatzen, badakit hirugarrena etorriko dela". Horregatik, inoiz ez daki hitzaldi batean zer esango duen. "Gidari horiek esaten didate bide batetik edo bestetik jo". Terapia energetikoa, emozionala, fisikoa eta espirituala egiten ditu, eta bihar Gaixotasuna, bizitzaren aliatua hitzaldia emango du Azpeitian. Gaztelaniaz izango da saioa, "kanpotik jende asko etorriko delako". 16:00ak aldera zabalduko dute leihatila.

Zer adierazi nahi duzu izenburu horrekin?

Gaixotasuna gugandik kanpo dagoen gauza bat bezala hartuko dut. Pertsona batek lau eremu ditu: energetikoa, emozionala, fisikoa eta espirituala. Lau horiek ondo badaude, pertsonak ez du inolako arazorik. Baina, askotan, eremu emozionalak eragiten digu beste arlo denetan. Hitzaldian ariko gara alzheimerraz, antsietateaz, depresioaz, leuzemiaz… Batez ere, alzheimerra landuko dut, gauza oso kurioso batekin konturatu naizelako.

Zer da gauza kurioso hori?

Ama hil eta agurtu ez dugunean edo ondo agurtu ez badugu sortzen dela alzheimerra. Orduan, burua galtzen joaten gara amarekin konexioa egin arteko momentura arte. Prozesu hori hitzaldian azalduko dut. Alzheimerra opari bat da.

Opari bat?

Hainbeste maitasun dago alzheimerraren atzean… izugarria da. Hainbeste maitasun dio gaixoak bere bizitzari eta ondorengoei… Konfiantza osoa du beren senideengan. Eta horregatik ahazten zaizkio gauzak. Bestalde, prostatako arazo denak ere leku beretik datoz, katarro guztiek ere beren funtzioa dute… Beste adibide bat jarriko dut: ume bat katarroa ezin sendatuta etorri zen kontsultara, eta konturatu nintzen aitonari lagun bat hil zitzaiola. Aitonaren tristura ari zen jasotzen biloba, eta horregatik ez zion katarroari bueltarik ematen. Tratamendua aitonari jarri genion, eta ez bilobari.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.