'Lion' eta 'Orm, elurretako erresuman' filmak izango dira ikusgai datozen egunetan, Soreasun

Uztarria.eus 2017ko ots. 10a, 10:07

Astero gisan, zineak hartuko du Soreasu antzokia asteburuan, eta Lion eta Orm, elurretako erresuman filmak izango dira ikusgai bihartik astelehenera bitartean. Bihar, hilak 11, Lion filma eskainiko dute 22:00etan hasita. Igandean, berriz, gaztetxoei zuzenduta, Orm, elurretako erresuman pelikula emango dute 16:30ean, eta Lion 19:30ean. Astelehenean, ikusleen egunean, Lion filma eskainiko dute berriro, 21:30ean hasita. 

Lion abentura eta drama generoko filma da, 2016an Australian ekoiztutakoa (120 min). Saroo Brierley da protagonista. Bost urte zituela Kalkutako kaleetan galdu zen, etxetik mila kilometrotara. Bidaia luze baten ondoren, Australiako bikote batek semetzat hartzen du Saroo Brierley. 25 urte geroago, Google Earth-en laguntzaz, familia biologikoa aurkitzen saiatuko da. 

Orm, elurretako erresuman animaziozko filma da 2014an Errusian ekoiztutakoa (80 min). Elurretako Erregina garaitua izan da, eta hotz-egunak amaituta, trolsak bakean eta askatasunean bizi dira. Orm trol horietako bat da; baina atsekabetuta dago, Erregin maltzurra garaitzeko funtsezkoa izan arren, merezitako aitortzarik jaso ez duelako. Ormek heroia izan nahi du, eta garaipenaren kontakizuna gezur txikiekin puzten hasten da eta bere burua eskaintzen du printzesa erreinutik libratzeko eta, bide batez, inoiz izan ez den heroia bihurtzeko. Elurretan barrena abiatzen da lagunekin abentura arriskutsuak bizitzera. Bidaian ohartuko da heroia izatea baino garrantzitsuagoa dela bere buruarekin eta lagunartearekin zintzo jokatzea, eta merezi duten pertsonen alde borrokatzea.

Filmetarako sarrerak eskuragarri daude kulturaz.eus webgunean.