Xebastian Gurrutxaga: "Uste dut emaitzak etorriko direla, baina aurrera begira"

Uztarria.eus 2017ko ots. 9a, 19:10
Xebastian Gurrutxaga.

Nuarberekin ia 30 urtez tiratzen aritu ondoren, sokatirara itzuli da Xebastian Gurrutxaga (Nuarbe, 1959). Mutrikuko taldearen entrenatzaile berria da. Hilabete inguru darama eginkizun horretan, eta hasierako esperientziaz eta aurrerantzean espero duenaz hitz egin du Uztarriarekin; baita gure bailaran galduta dagoen sokatirarako joera berreskuratzeko aukeraz ere.

Nondik sortu zaizu Mutrikuko taldea entrenatzeko aukera?

Lehendik ere jardun izan zitzaizkidan, baina joan den udan egin zidaten eskaintza. Nuarben, Donostia 2016ko ekitaldien barruan egin genuen ekintzarako [Juan Luis Morazaren Tug of war], talde bat behar genuen erakustaldia egiteko eta Mutrikukoei deitu genien. Hura prestatzeko bileraren bat edo beste egin genuen, eta orduan egin zidaten eskaintza; pentsatuko nuela esan nien, eta azkenean baiezkoa eman.

Ia 30 urte egin zenituen tiratzen, Nuarben gehien bat eta Urrestillan ere bai, baina aspaldi utzi zenuen. Mantendu al duzu, hala ere, sokatirarekiko lotura?

Oker ez banago, 2007a izan nuen azken urtea. Pixkat jarraitu izan dut, komunikabideen bitartez eta; baina gehiegi ez, egia esan. Sokatira utzi genuenean eta Nuarbeko taldea desegindu zenean, egundoko atsekabea izan zen niretzat. Ezin nuen imajinatu sokatirarik gabe bizitzea. "Orain zer egin behar dut nik?", pentsatzen nuen, hari eskaintzen nion denbora guztia zertan emango ote nuen. Baina hartzen dituzu beste ohitura batzuk eta, gero, lehen baino denbora libre gutxiago duzula konturatzen zara! Mutrikukoei ere hala esaten nien, orain egin didaten eskaintza garai hartan jaso izan banu baita tiratzera ere, joango nintzen; zeozer falta nuen.

Zer moduzkoa ari da izaten hasiera?

Ez da denbora gehiegi hasi naizela, hilabeteren bat-edo daramakit lanean. Jende berria dago taldean eta horiek goma gainean probatzea nahi zuten. Nik esan nien ez zegoela maila handiegirik ematea, lehenengo urtea izanda. Ibili dira Euskadiko Txapelketan, bi pisutan hartu dute parte, eta azkenengo postuetan sailkatu dira; jakinaren gainean geunden ez zegoela miraririk baina, behintzat, beraiek ere jakitun dira orain hor zer dagoen. Baina taldearen helburu nagusia, urtero bezala, lur gaineko denboraldia izango da; maiatzean hasiko da Euskadiko Txapelketa eta irailean Europakoa jokatuko da, oker ez banago, Ingalaterran. Jendea horiei begira egoten da, batik bat.

Nolako taldea topatu duzu Mutrikun?

Urte dezentean eta asko ibilitako mutilak badaude baina, taldea osotasunean hartuta, jende berria eta urte gutxi daramana da nagusi. Lur gainean aritzeak urte batzuk eskatzen ditu, blokea osatzeko, eta hor dago koska. Bloke bat osatu eta jarraipena emanez gero, jende berdin samarrarekin, uste dut emaitzak etorriko direla, baina aurrera begira.

Taldeari forma ematea eta blokea indartzea dira, orduan, zure helburuak?

Hori da. Tiratzeko eta entrenatzeko erak dira niretzat inportanteenak, horietan eragitea da nire asmoa. Oinarri horien gainean, eta jendearekin jarraipena badago, orduan iritsiko dira emaitzak. Jende berriarekin hasi eta segituan emaitzak iristea, hori ezin da; bestela, zertan ari dira ba besteak hainbeste urtetan? Gure garaian, Ingalaterratik ekarri genuen gizon bat, entrenatzeko teknikak-eta erakustera, eta hark esaten zigun, gutxienez lauzpabost urte behar izaten zirela mutilek errendimendua ematen hasteko. Eta neuk bizikletan pixkat ibili bai, baina urte batetik bestera Tourra prestatzea erabakitzen duenaren adibidea jartzen diet: ezinezkoa da. Sokatirak, kirol guztiek bezala, denbora bat behar du eta prozesu bat eraman behar du.

Lehenengo esperientzia duzu entrenatzaile lanetan. Nola ikusten duzu zeure burua paper horretan?

Guztiz desberdina da. Goi-mailan lehiatzea tokatzen zaigunean neuk ere ez dakit nola erreakzionatuko dudan, egia esan. Bero samarra ere banaiz... Tiratzen nuenean hobeto kontrolatzen nuen neure burua; han hustu egiten zara, nekatu. Baina gainetik begira zaudenean, ez dakit, beste sentsazio batzuk sortzen dira. Tirada bat estu doanean, entrenatzailearen lana inportantea izaten da eta, egia esan, neuk ere ez dakit oraindik nola azalduko naizen. Hori ere denborak esango digu.

Sokatira kirol garrantzitsua zen garai batean gure bailaran. Baina, Nuarbeko taldearekin batera, desagertu egin zen. Ez al dizu pena ematen?

Bai, bai. Eta askotan komentatu izan dugu, anaien artean eta Nuarbeko beste jende batekin ere, oso zaila dela gaur egun herri txiki batetik talde bat osatzea. Ohiturak guztiz aldatu dira. Lehen baino gehiago egiten da kirola, askoz ere gehiago, baina norbere kasa eta norberaren erritmora, bakoitzak nahi duen orduan. Edozein taldeko kiroletan, berriz, jende multzo batekin ari zarenean, diziplina baten barruan sartu behar zara, eta konpromisoa hartu. Niretzat hori da gakoa. Gero, sokatirak daukan maila dauka, eta jendeak nahiago du kirola beste era batera egitea. Talde berria sortzearen aukeraz ere hitz egin izan dugu, baina aurretiko lan bat eskatuko luke horrek: antolatzea, jendearekin harremanetan jartzea... Gero ez dakit zer izango litzatekeen, baina uste dut Azpeitia mailan badagoela zerbait egiteko aukera. Normalean, sokatirako giro hori sortu da herri txikixeagoetan, kuadrilla mailan. Ez dakit, akaso, egunen batean... Baten bat hasiko balitz, zerbait sortuko balitz, bueno, neuk ere urrutira joatea baino nahiago, dudarik gabe.

Eta Euskal Herri mailan, zer egoeratan dago sokatira?

Goma gainean nahikoa maila ona dago, talde mordoska ari da. Lur gainean, berriz, ba... Ez dakit zer mailatan egongo diren hor goikaldean ibiltzen direnak, baina gero eta talde gutxiago dago, baita emakumezkoetan ere; taldeak osatzeko neskak eta mutilak elkartu eta mistoak egiten ari dira, eta horrek esan nahi du ez dagoela.