Karnabalak 2017

Artzain-inudeekin danborra jotzen irten nahi dutenek izena emateko epea ireki dute

Uztarria.eus 2017ko ots. 3a, 16:21
Danbor-jotzaileak plazara iristen, iazko Jai Karnabalean.

Udaletxeko Kultura bulegoan eman behar da izena. Bi entsegu izendatu dituzte, hilaren 17rako eta 23rako; biak 20:00etan izango dira, Itsasik Urola kalean duen lokalean. Astelehen Karnabaleko tabernen mozorro lehiaketan parte hartu nahi dutenek ere aurrez eman behar dute izena udaletxean, otsailaren 22rako.

Otsailaren azken asteburuarekin iritsiko dira aurtengo karnabalak, eta festetara begira lehendabiziko deialdiak egin ditu Udalak.

Batetik, eta urtero legez, Jai Karnabalean (otsailak 26) Itsasikoen artzain-inudeen kalejiran danborra jotzen irten nahi dutenei luzatu diete deia. Asmo horretan daudenek udaletxeko Kultura bulegoan eman dezakete izena, bertara joanez edo 943157068 telefonora deituta. Elegante Eguneko danbor-jotzaile taldean irteteko, egingo dituzte bi entsegu saioetara joan beharko da. Hilaren 17an (ostirala) eta 23an (osteguna) egingo dituzte entseguak, 20:00etan hasita, Itsasik Urola kalean duen lokalean. Jai Karnabalean bi pieza joko dituzte, ibilbide osoan bata zein bestea errepikatuz.

Inauterietarako ireki duten beste izen-ematea Astelehen Karnabaleko tabernen mozorro lehiaketarena da. Parte hartu nahi duten tabernek ere udaletxeko Kultura bulegoan eman beharko dute izena, hilaren 22a baino lehen.