Alberto Berzal: "Aktoreok, arrantzaleen gisan, arraina dagoen tokira joan behar dugu"

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 3a, 12:26
Alberto Berzal aktorea. (Alberto Berzal)

Emilio Aragonek sortutako 'Pulsaciones' telesailean Hector da aktore azpeitiarra. Asteazkenetan ematen dute Antena 3n. Alberto Berzalekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak

Interpretazioaren munduan ibilbide luze eta oparoa du Alberto Berzalek (Azpeitia, 1970). Orain aste batzuk estreinatu zen Pulsaciones telesailean aritu da lanean, eta antzerki obra bat estreinatuko du datorren astean.

Pulsaciones telesailean parte hartu duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?

Erronka polita izan da, eta esperientzia oso gustagarria. Aktore eta lantalde oso onekin egin dut topo. Pozik joaten nintzen lanera. Hori bai, gogorra ere izan da. Iaz egin genituen grabaketak Madrilen, neguan hotz egiten du, eta, askotan, iluntzeetan errodatzen genuen. Halere, jendea oso inplikatuta zegoen proiektuan, eta horrela gustura egiten da lana.

Arrakasta izaten ari da telesaila.

Hainbat telesailetan egin dut lan, baina Pulsaciones da orain arte parte hartu dudan telebista ekoizpenik handiena. Aurretik, adibidez, Isabel telesaileko hiruzpalau ataletan aritu nintzen, eta Hispanian eta Cuentamen ere bai. Telesail politak ziren eta arrakasta izan zuten, baina haietan ez nintzen egon hasieratik. Ni lanean hasterako taldea eginda zegoen, eta halakoetan sartu behar izaten duzu ahal duzun moduan. Pulsacionesen, berriz, hasieratik aritu naiz, eta errazagoa da horrela lan egitea. Gainera, banekien telesail osoan ariko nintzela, eta horrek segurtasuna ematen du. Izan ere, aktoreok askotan ez dugu jakiten kapitulu batean, bitan edo hirutan ariko garen.

Nola eragiten du segurtasun falta horrek?

Askotan epaitzen dugu geure burua, lana ondo edo gaizki egin ote dugun galdetuz. Baina hori atera egin behar da burutik, gauzak ez baitira izaten egiten duzun lanaren araberakoak. Ahalik eta ondoen eginda ere, baliteke norberak kontrolatu ezin dituen beste arrazoi batzuek eragitea. Esaterako, audientzia txarra bada, ezin duzu pentsatu zuk lana gaizki egin duzulako denik.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean