2017ko egutegi bateratua garatzeko hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2017ko ots. 2a, 19:07

Urtarrilaren 16ko udalbatzarrean aho batez onartu ondoren gaur, osteguna, sinatu dute Udalak, Kulturaz Kooperatibak eta Kultur Mahaiak 2017rako egutegi bateratua garatzeko hitzarmena. 2016an sinatu zuten lehendabiziko hitzarmena berritu dute, horrenbestez. Iaz ez bezala, ordea, aurten Udalak aho batez onartu du egitasmoa eta hori azpimarratu nahi izan du, besteak beste, Josu Labaka Kultura batzordeburuak: "Iaz ezin izan zen aho batez onartu, baina aurten bai, eta positibotzat jotzen dugu hori. Babes hori batzordeetan egindako lanketaren emaitza da, eta lorpen handia da guretzat horrelako kultur proiektu batek babes zabala izatea".

Iaz bezala, 65.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak egutegi bateratuari. 2017an 301.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoak, iaz baino gehiago, Kulturaz Kooperatibak bere ekarpena handituta. 2016ko emaitzak baloratzeko agerraldian adierazitakoa berretsi dute hitzarmena sinatu duten hiru eragileetako ordezkariek, egitasmoaren emaitzak oso positiboak izaten ari direla nabarmenduz.

Argazkian, ezkerretik eskubira: Xabier Aranbarri (Kulturaz Kooperatiba), Ainara Larrañaga eta Josu Labaka (Udala), eta Izaro Zinkunegi (Kultur Mahaia).