Liderra den Sammic ISB Albaceteren aurka neurtuko da etxean, eta Añareseko neskak Leonera mugituko dira

Uztarria.eus 2017ko ots. 2a, 10:46

Iraurgiko mutilen aurreneko taldeak Azpeitiko kiroldegian hartuko du Albacete igandean, 18:00etan hasita. Ligan aurrena da Sammic, eta hamalaugarren garaipenaren bila joango da etxean jokatuko duen partidan. Añares ISB, berriz, ligako liderraren aurka neurtuko da Leonen, zapatuan, 19:00etan.

Joan den asteburuan Basket Navarrari 57-93 irabazi ostean, ligan liderra da Sammic ISB. Iker Buenoren taldea denboraldi osoko unerik gozoenean dago, eta indarrez josita hartuko du igandean, otsailaren 5ean, Albacete. Partida Azpeitiko kiroldegian izango da, 18:00etan hasita. Aurkaria sailkapenean larri dabil, eta teorian, ISBk erraz irabazi beharreko partida da igandekoa. Sammiceko mutilek, baina, badakite kontuz ibili behar dela, eta gogoan dute Zamoraren aurka Azpeitian jokatu zuten partidan izan zuten ezustekoa. Beraz, liga orekatu honetan, liderra izan arren, taldeak duen onena eman beharko du hamalaugarren garaipena lortzeko.

Añaresek liderra parez pare

Xabi Chicoren taldea ere denboraldiko boladarik onenean dago. Azken fitxaketek taldea indartu dute, eta etxeko neskak mailarik onena ematen ari dira azken partidetan. Aste honetakoa partida garrantzitsua eta gogorra izango da, ordea; izan ere, LF-2 ligako liderra den Leonen aurka neurtuko da. Garaipena lortzea ez da erraza izango, baina Añares lehiakor irteten bada, garaipena lortzea posible izango da.