Jagoba Beobide: "Maila bat behera jaitsi naiz berriz mailaz igotzen saiatzeko"

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 1a, 13:13
Jagoba Beobide. (Racing)

Denboraldi hasieraz geroztik talderik gabe egon ostean, Racing taldearekin fitxatu du Jagoba Beobide futbolari azpeitiarrak. Min hartuta dago, debuta egiteko gogoarekin.

Zuntz haustura bat tarteko, Jagoba Beobide (Azpeitia, 1987) futbol jokalariak oraindik ez du debuta egin Santandergo Racing taldearekin. Duela aste gutxi sinatu zuen kontratua Espainiako Bigarren B Mailako taldearekin, eta denboraldia bukatu artean Kantabriako talde nagusian izango da. Hilabeteak berdegunetik kanpo pasatuta, errekuperatu eta zelaira itzultzeko "desiratzen" dago azpeitiarra.

Alavesekin Espainiako Lehen Mailara igotzea lortu, eta kontratua berritu ez.

Nahikoa argi neukan ez nuela han jarraituko. Urtean zehar ez nuen partida gehiegi jokatu, ez nuen minutu asko eduki. Halere, egia da, mailaz igo eta gero, esperantza txiki bat banuela kontratua berritzeko. Baina aurreikusten nuen zaila izango zela taldeak kontratu berria aurkeztea.

Dena den, zaleen babesa jaso zenuen. Askok ez zuen ulertu kontratua ez berritzea.

Zaleek baloratu zuten urteak neramatzala taldean eta ahal nuen guztia ematen nuela. Adibidez, Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igotzean, taldean nengoen. Bigarren Mailan ere pasatu genuen urte nahiko txar bat, larri ibilita eutsi genion mailari, eta orduan ere Alavesen nengoen. Jendea akordatu egiten da gauza horiekin guztiekin, eta horrek poza ematen du. Egia esan, gauzarik ederrena —lehen mailara igotzea— lortu, eta maila horretan jokatzeko aukerarik ez izateak, pena pixka bat ematen du. Gogorra egiten da egoera, baina ikusten duzu jendeak baloratzen duela ordura arte egin duzun lana, eta hori asko eskertzen da. Dena den, zaleek baloratu arren, ulertzen dut klubak urtean urtekoari begiratzea. Momentu hartan ikusiko zuten nik ez nuela Lehen Mailan jokatzeko mailarik, eta erabaki hori errespetatu egin behar da.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.